Herritarren artean "Pista beltza" moduan ezaguna den Juan Mugertza kalean dauden irisgarritasun arazoei konponbidea emateko, hainbat lan proposatu ditu Elgoibarko Udalak. Lan hauen bidez, Elgoibarko Udalak inguru horretan dauden 193 garajeetako eta San Rokeko 24-26-28-30-32-34 eta Juan Mugertzako 1-3 portaletako jabeek jasaten dituzten iragazketa, hezetasun eta gainerako arazoak konponduz, inguruko bizilagun eta garajeetako jabeen aspaldiko eskaerari erantzuna eman nahi dio.
Kale horretan aurrez ere hobetze lan ugari (hormak kendu, baranda berriak jarri, hobekuntzak argiztapenean) egin dituzten arren, ez dituztela arazoak "errotik" konpondu aitortu du Udalak, eta kale guztiari eragingo dion irtenbide integrala proposatu dute oraingoan.
• Bizilagunekin bilerak
Elgoibarko Udalak inguruko bizilagun eta ordezkariekin bildu nahi du, adostasun batera iristeko eta, "lehenbailehen", zaharberritze lanak hasteko. Honela, lanak ekainetik abuztura bitartean hastea gustatuko litzaioke Udalari. Bizilagunei aurkezteko asmoa duten egitasmoan, Mugertza kaleko bi espaloiak kentzea aurreikusten dute, "garajeetako kotxe eta oinezkoen arteko bizikidetzan lagungarria izateko". Ur zikinen sarea ere hobetu nahi dute. Oro har, Mugertza kalearen antolakuntza berriztatu nahi dute, "ibilgailuen zirkulazioari garrantzia kenduz, eta oinezkoa erabiltzailea nagusi den bizikidetza bat sortuz". Zoruaren kontserbazio onaren ardura bere gain hartuko luke Udalak.