Edu Uribek hirugarren saiakeran lortu du The Spine Race proba bukatzea, munduko luzeenetarikoa

Barren.eus 2017ko urt. 25a, 21:51

Edu Uribek 2014an eta 2016an lortu ezin izan zuena lortu du hirugarren saiakeran, 431 kilometroko The Spine Race mendi lasterketa amaitzea Britania Handian. Zazpi egunetan 30 ordu inguru egingo zituela lo kalkulatzen du.

Iaz, 47 kilometro falta izan zitzaizkion Edu Uriberi The Spine Race mendi lasterketa amaitzeko. Antolatzaileek proba bertan behera lagatzea erabaki zuten elurte handi bat zela-eta, parte hartzaileen segurtasuna bermatu ezin zutelako. Byrnness-ko aterpean harrapatu zuen erabakiak Edu Uribe eta ia 400 kilometro osatu ostean, proba amaitu gabe gelditu behar izan zuen. Orduan hartu zuen berriro itzultzeko erabakia. Ez zen bakarra izan. Berarekin batera aterpean zeuden beste sei parte hartzaileak ere berriz itzuli dira aurten. "Iazko zazpirok berriz elkartu eta elkarrekin egin genituen iaz egin izan ezin genituen azken 47 kilometro haiek", azaldu du Uribek.

• 431 kilometro 159 orduan

Manchester hiritik 30 kilometrora dagoen Edale herrian hasi zen probaren bosgarren edizioa joan den urtarrilaren 15ean, eta 63 lagunek lortu zuten Eskoziako Kirk Yetholm herrian dago helmugaraino ailegatzea, tartean Edu Uribek. Sailkapeneko 16. postuan ailegatu zen elgoibartarra eta 159 ordu eta 16 minutuan osatu zuen amaitzea bera lorpena den proba. Guztira 51 lagun erretiratu ziren. Tom Hollins (99 ordu eta 25 minutu) eta Sara Fuller (159 ordu eta 13 minutu) britaniarrak izan ziren azkarrenak, gizonezkoetan lehena eta emakumezkoetan bigarrena.

Ultratrail proba "basatiena"

Ingalaterra erdian daudela-eta Ingalaterrako bizkarrezurra deitzen diete Penino mendiek osatzen duten mendilerroari. Pennine way izeneko bidea jarraituz, hegotik iparrera zeharkatzen ditu The Spin Race mendi lasterketak, munduko luzeenetarikoa (431 kilometro) eta gogorrenetarikoa. Britainia Handiko ultratrail proba “basatiena” antolatzaileen berbetan.

Eremu basatiak, goi lautada hotz eta baso ilunen artean ibili direla azaldu du Uribek, Ingalaterra eta Eskoziako Midlans mendietan barrena. "Tundra eremuek pausoa zailtzen dute, hankak mut edo lokatzetan iltzaturik gelditzen baitira askotan", azaldu du. Gau eta egun igaro dituzten paisaia ederrez gainera, herrialde ezberdinetako parte hartzaileen artean sortzen den lagun giroa nabarmendu du.

Argazkiak eta informazio gehiago Edu Uriberen blogean: mendilasterketa.blogspot.com

edu uribe Elgoibar spine race pozik1

 edu uribe Elgoibar spine race errekan

 edu uribe Elgoibar spine race jaten

edu uribe Elgoibar spine race dominak