Susto handia Mintxetan jokalari batek mingaina irentsi ostean

Barren.eus 2017ko ots. 1a, 21:45

Tentsio handiko uneak bizi izan ziren Haundik eta Aretxabaletak zapatuan Mintxetan jokatu zuten partidan. Erorketa txar baten ondorioz mingaina irentsi zuen Aretxabaletako jokalari Beñat Etxabek, eta hil ala bizikoa izan zen C.D. Elgoibarko fisioterapeutak eduki zuen erreakzioa.

"Gure taldeko fisioterapeutaren erreakzioagatik ez balitz..." esan dute C.D Elgoibarreko arduradunek oraindik sustoa ezin gainetik kenduta. Zorionez jokalaria ondo dago.

Azaldu dutenez, Aretxabaleta taldeko Beñat Etxabe atzelariak erorketa "oso txarra" izan zuen Haundiren aurkako partidan eta berdegunean etzanda gelditu zen, konortea galduta. Aretxabaletako eta C.D Elgoibarreko fisioterapeutak jokalaria zegoen lekuraino iritsi zirenean berehala konturatu ziren zerbait ez zegoela ondo. Antza, erorketa gogorraren ondorioz mingaina irentsi zuen eta ezin zuen arnasarik hartu. "Egoerak larria zirudien eta ikusleen artean zegoen erizain bat ere gerturatu zen laguntzera. Eskerrak gure fisioterapeutak horrelako egoeretarako erabiltzen den Guedel-en hodi eta kanulak zeramatzala botikinean", azaldu dute C.D. Elgoibarreko kideek. Masailezurrak egiten duen presioaren ondorioz ahoa erabat itxita gelditzen da, eta halakoetan mingaina bere lekura itzuli ahal izateko hortzak apurtu ere egin behar izan dituzte. Guedel hodiari esker ahoa ireki eta arnas bideak libre laga zizkioten Etxaberi. "Tentsio handiko hogei minutu bizi izan genituen Mintxetan geunden guztiok". Anbulantzian ospitalera eraman zuten gero jokalaria, baina ez du aparteko arazorik izan. Aretxabaletakoek C.D Elgoibarkoei eskerrak eman zizkieten jokalariak jasotako arretagatik.
Lehen zatia amaitzear zela gertatu zen guztia. Partida jokatzen jarraitu zuten bi taldeek eta banako berdinketarekin amaitu zen.

Futbolean antzerako egoera gehiago ere gertau izan dira. Ukrainiako futbol ligako partida batean, esaterako, Oleg Guseev jokalariaren bizia salbatu zuen aurkako taldeko jokalari Jaba Kankavaren erreakzio azkarrak. Ikus honako bideoan.