Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak joan zen zapatuan aurkeztu zuen Azpeitian Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Aurtengoan 38 taldek hartuko dute parte guztira, eta talde bakoitzak gutxienez 6 partaide izango ditu. Talde guztiek abestuko dute “etxean” eta “kanpoan”, beraz, guztiak izango dira antolatzaile eta bisitari. Saioaren antolaketako behar izanez arduratuko dira taldekideak euren etxean.
• Lau fase
Mutriku, Deba eta Mendarotik Arnope taldea aurkeztu da txapelketara, eta taldekideen artean Iñigo Zubiaurre "Beitxi" mendaroarra eta Abel Irizar elgoibartarra daude. Beitxik bertsotan jardungo du eta Abel Irizar taldearen ordezkaria izango da.
Lehenengo fasea otsailaren 3tik martxoaren 12ra bitartean jokatuko dute, eta Arnope taldeak Villabonako Am…ona taldearen aurka hasiko du lehia. Otsailaren 17an egingo dute joaneko saioa, Amasa-Villabonako gaztetxean, 22:30an. Martxoaren 14an izango da itzulerako saioa Mutrikun.
Bigarren faserako hamabi talde sailkatuko dira. Finalerdiak maiatzaren 6an eta 13an jokatuko dituzte Alegian eta Bergaran hurrenez hurren, eta final nagusia maiatzaren 27an egingo dute, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.
• Jende berria erakartzea
Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak adierazi duenez, txapelketa honekin jende berria ekartzea nahiko luke bertsolaritzara, mugimenduaren oinarria sendotzeko. Herriartekoak izan duen harrera beroa nabarmendu du zaldibitarrak bertsoa.eus webgunean egin dioten elkarrizketan.
• Herriartekoaren jarraipena
Saioetara joan nahi duenak www.bertsozale.eus/gipuzkoakoherriartekoa atarian begiratu dezake agenda osoa. Sare sozialetan ere Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen profilen bitartez segimendua egingo zaio: @GBertsozale Twitterren eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen Facebookean. Twitterren #herriartekoa traola erabiliko da.
• Sarrerak
Datozen asteetan jarriko dituzte salgai Alegian eta Bergaran egingo diren final aurrekoetarako sarrerak, baita Azpeitian egingo den finalekoak ere, www.bertsosarrerak.eus atarian