Santa eskean, oztopo guztien gainetik

Barren.eus 2017ko ots. 4a, 15:50

Haizeak botatako zuhaitzak ere ez dira oztopo izan Santa Agedako taldeak euren helburura ailegatu zitezen. Elgoibarko Izarrako santa eskeko taldeek bidea itxita topatu dute Idotorben, Aubixa parean, baina Urkiola baserrikoek ekarri duten motozerrari esker, bidea libratu eta kantuan eta eskean jarraitu ahal izan dute.

Santa Agedaren omenezko kopla eta bertsoak goizean goizetik hasi dira entzuten Mendaron eta Elgoibarren. Etxegiña taldekoek 09:00etan hasi dute kalejira Elgoibarren, Bolatokiko parketik. Aurten, baina, ez dira bi taldetan banatu, koplari nagusietako batek eztarria gaizki zuela-eta. Honenbestez, denak elkarrekin joan dira erdiguneko kale eta auzoetara. Ohikom ibilbidean aldaketa batzuk egin dituzte eta zenbait ohiko lekutara ezin izan dute iritsi, Sigmara esaterako.
•Zuhaitzek bidea itxita, bertsotarako gaia emanda
Elgoibarko Izarrako santa eskeko taldeak 10:00etan Elkartu dira Kalegoen plazan, eta hauek bai, bi taldetan banatu dira. Idotorbe aldera joan den taldeak ezusteko ederra hartu du Aubixa parera ailegatu direnean bidean gurutzatuta zeuden bi pinurekin topo egin dutenean, bata bestearengandik metro batzuetara. Eguneko lehen baserrira bidean zihoazen, Idotorbeko Armaxio baserrira, eta ez atzera ez aurrera gelditu dira azken orduetako haize ufada indartsuek bota dituzten bi zuhaitzak bidean ikusi dituztenean. Zer egin erabakitzen ari zirenean iritsi da laguntza Urkiola baserritik. Motozerra ekarri dute eta bost minutuan libratu dute bidea. Guztien esker ona jaso dute, eta nola ez, Jabier Arrizabalaga Ziarda eta Juan Mari Areitioren bertsoetako protagonista bihurtu dira, Armaxio eta Goiko-Etxe baserrien ostean, santa eskeko taldeak Urkiola baserrira ailegatu direnean.

 santa eskea elgoibar izarra zuhaitzak furgoneta

 santa eskea elgoibar izarra zuhaitzak

 santa eskea elgoibar izarra zuhaitzak1

 santa ageda etxegia elgoibar 1

 santa ageda etxegia elgoibar