Ingeles eta alemaneko mintzapraktika berriak eskainiko dituzte Elgoibarko liburutegian

Barren.eus 2017ko ots. 6a, 12:53

Gotzon Garate Udal Liburutegian udazkenean antolatutako ingeleseko mintzapraktika taldearen arrakasta ikusita, bigarren talde bat sortuko dutela jakinarazten dute, oraingoan, erdi mailakoa. Era berean, Alemaneko mintzapraktikako taldea ere abian jarriko dute.


Ingelesezko mintzapraktika saioak barixakuetan, 18:00etatik 20:00etara izango dira eta dinamizatzaile batek eramango ditu. Bera izango da gaiak proposatu eta saioak bideratuko dituena. Ingeles maila altua duten lagunei zuzenduriko mintzapraktika ekimena lehendik ere martxan dago liburutegan, baina oraingo hau erdi mailakoa izango da. Ekintza hau hamasei urte baino gehiagokoei zuzenduta dago. Jarduera honen helburua ez da ingeleseko eskolak jasotzea, ingelesa giro lasai batean erabiltzea baizik. Ingelesa hobetzeko aukera egongo da liburutegian dagoen materialaren bitartez: hizkuntza metodoak, irakurgai mailakatuak, ikus-entzunezkoak, eta abar.
Era berean, Alemaneko mintzapraktikako taldea ere abian jarriko dutela jakinarazi dute liburutegiko arduradunek. Talde hori ere dinamizatzaile batek gidatuko du. Interesatuek liburutegian eman behar dute izena.