Mendaroarrak protagonista ETBko ‘Ur Handitan’ eta ‘Gailurra’ saioetan

Barren.eus 2017ko ots. 8a, 14:53

Mendaroarrak protagonista izango dira asteon ETBko bi saiotan. Batetik, harrera familien inguruan aritu diren Ur Handitan saioan agertu ziren atzo Carmen Larrañaga eta 11 urtez jarraian Txernobildik Mendarora etorri den Nastya Petrenko ukraniarra. Eta, bestetik, Mendaroko Giza Proba Taldeak lekua izango du Gailurra Neguan saiokoek Izarraitz mendiari eskainiko dioten saioan.

Harrera familia beharrean dauden haurrak asko dira. Bakoitzak iragan eta errealitate ezberdina bizi du, eta honi aurre egiten lagunduko dion familia bat ezinbesteko dute. Ez da bidaia erraza izaten, eta harrera haurra bere guraso biologikoengana itzultzeko beldurrak botatzen du atzera gizartearen gehiengoa. Errealitate ezberdin hauek erakusteko asmoz, Euskal Herriko zenbait harrera familia bisitatuko ditu Ur Handitan saioak. Horietako bat izan da Carmen Larrañaga mendaroarrarena.
Txernobylgo Nastya Petrenko neskatilak 7 urte zituela igaro zuen lehen uda Mendaron, Carmen Larrañaga eta familiaren etxean. Ordutik, 11 urtez jarraian etorri da Euskal Herrira. Egun, 17 urte ditu, eta Euskal Herrian bizi nahiko luke. Saioko aurkezle Xabier Madariaga kazetariak Carmenen eta Nastyaren testigantzak jaso zituen Mendaron, Nastyarenak Skype bidez. Ikus honako bideoan (Martitzen gauen emititu zuten saioa ETB1ean, baina osorik ikusi daiteke hemen: Ur Handitan, Harrera familiak)

 

• Mendaroko giza proba taldea Gailurra Neguan saioan
Andoni Aizpuruk eta Irati Andak Izarraitz mendia bisitatuko dute eguenean, otsailak 9, ETB1ean emitituko duten Gailurra Neguan saioan. Natura elementuak ardatz, Euskal Herriko mendi desberdinak ezagutzeko aukera eskaintzen du saio honek, eta bisitatzen dituzten gailurrekin zerikusia duten hainbat gonbidatu izaten dituzte saioetan. Izarraitzi eskainitakoan lekua izango du Mendaroko Tope Natxiok Giza Proba taldeak. Azken apostua egiteko erabili zuten Renault 4L autoari tiraka ikusiko ditugu. Ikus hemen aurrerapena.

topenatxiok renault4 erronka mendaro