Domina uzta oparoa ekarri dute Andoaindik pianojole elgoibartarrek

Barren.eus 2017ko ots. 8a, 22:06

Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika Eskolako 16 ikaslek hartu zuten parte Andoaingo Piano Jaialdian, eta hamasei domina eskuratu zituzten, tartean urrezko zortzi domina.

Euskal Herrian erreferente izatea lortu duen piano jaialdia egin zuten Andoiango Bastero kulturgunean, joan den otsailaren 4an eta 5ean. Guztira, 5 eta 18 urte bitarteko 758 lagunek hartu dute parte jaialdiaren 12. edizioan. Parte hartzaileek 293 pieza eskaini zituzten denera, 223 pieza bakarlarien eskutik, 61 lau eskutara eta bederatzi pieza sei eskutara. Inazio Bereziartua Musika Eskolako hamasei ordezkarik (iaz 35 izan ziren eta 55 2015ean) hartu zuten parte. Urrezko zortzi domina, zilarrezko zazpi eta brontzezko bat eskuratu zituzten.

Musikariak erronka bikoitza izan ohi dute txapelketa horretan, norberaren maila gainditzea eta jendaurrean aritzea. Sortu zenetik, jaialdia osatuz eta handituz joan da. Dagoeneko aste osokoa baita Andoaingo Piano Jaialdia. Informazio osoagoa: www.andoaingopianojaialdia.eus

Musika eskolako arduradunek emandako datuen arabera, arrakasta handia duen instrumentua da pianoa Elgoibarren, musika eskolan dabiltzan 550 ikasletatik 108 baitira piano ikasleak.

 pianistak musika eskola elgoibar dominak andoain