Komedia dramatikoa da Jainko Basatia, aitzakia batetik abiatuta —ume batek beste bat jo egiten du—, giza harremanen gaineko gogoeta egiten duena. Ez da komedia hutsal bat. Orain arteko emanaldietan publikoak ondo erantzun du, eta kritikek nota altua jarri diete eszenaratzeari eta aktore taldearen lanari.
Yasmina Reza idazle eta antzezle frantziarraren jatorrizko testua, - Le dieu du carnage (Triskantzaren jainkoa) izenburuarekin estreinatu zen- euskarara moldatu du Txalo Produkzioak antzerki konpainiak. Euskarazko moldaketarako Martin Agirrek egin du itzulpena.
Begoña Bilbaok zuzenduriko obra da eta Teresa Andonegi, Andoni Agirregomezkorta, Mikel Losada eta Aitziber Garmendia dira aktoreak.
20:30ean hasiko da emanaldia Elgoibarko Herriko Antzokian. Sarrerak 10 euro balio du (7 euro Gazte txartela dutenentzat). Interneten, Kutxabank bitartez, edo leihatilan eskuratu daitezke sarrerak.