Azkue Fundazioaren asmoa da inkesta ahalik eta euskaldun hiritar kopuru handienari helaraztea horrela, erantzun kopuru handia jasotzeko. Datu horiek baliagarriak izango dira arlo honetan lan egin eta ekiten duten eragile guztientzat: blogariak, irakurleak orokorrean, interneteko garatzaileak, erakundeak… “Egungo egoera ezagutu eta etorkizunera begira estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko tresna baliagarria bilakatuko da inkesta”, azaldu dute.
• Inkesta gizarte osora zabalik
Inkesta hau publikoa izango da eta Azkue Fundazioak bere ohiko komunikazio baliabideen bidez zabalduko du. Inkesta gizarte osora zabalik dago, hau da, edozeinek bete dezake; edozein blogarik edo blogen kontsumitzailek, nahiz eta blogik ez izan; sarean ibiltzen den edozein euskaldunek. Ikuspegi bitatik landu da galdetegia, eta azterketa bikoitza egin nahi da: une honetan sarean dauden euskarazko blogen izaeraren inguruan sakondu; baina baita irakurle, edo kontsumitzaileok zein eduki mota kontsumitzen ditugun ezagutu eta zein behar sumatzen ditugun jakitea ere.
• Emaitzen eta ondorioen aurkezpena martxoaren 30ean
Azkue Fundazioak inkestaren emaitzak eta horietatik aterako dituzten ondorioak publikoki zabaldu, partekatu eta aurkeztuko ditu. Gizartearen esku jarriko ditu eta, batez ere, erakunde, eragile, garatzaile eta sortzaileen esku.
Horrela, behar edo nahi dituenak eskuratzeko aukera izango du eta egokien ikusten duen moduan erabil.
Emaitzen aurkezpena Blogetan! Euskal blogariak lehian sari banaketa ekitaldiaren egunean egingo du Azkue Fundazioak. Egun horretan euskal blogintzaren inguruko jardunaldia burutuko du ekitaldi horren barruan. Jardunaldia martxoaren 30ean izango da Euskararen Etxean.
- Informazio gehiago: http://www.azkuefundazioarenegunkaria.eus/euskal-blogintzari-buruzko-inkesta-lagunduko-gaituzu-datuak-lortzen/
• Blogetan! lehiaketa
Bestalde, Azkue Fundazioak Blogetan! Euskal blogariak lehian egitasmoaren bigarren edizioa jarri du martxan. Lehiaketa honetan Argia aldizkaria du laguntzaile. Helburua euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustazea da. Dagoeneko euskarazko 116 blog proposatu dituzte.
Lehiaketako lehen edizioko irabazleen artean zegoen Antton Alberdi elgoibartarra. Zientzia eta teknologia kategorian saritu zuten euskalnatura.net weguneagatik.