Elgoibarko geologia ezagutzeko ibilaldia egingo dute herrian zehar

Barren.eus 2017ko ots. 10a, 13:06

Inma Mugertza geologoak ibilaldi bat eskainiko du herriko kaleetan zehar, Elgoibarko geologia ezagutzeko. Otsailaren 14an, martitzena, izango da. Plazak mugatuak dira, 25 pertsona gehienez.

“Geologiak inguratzen gaitu”, esan du Inma Mugertzak. Portaleek, etxeek, kaleek, frontoiek… iragan geologikoa gordetzen dute, eta herriko kaleetan bitxikeria geologiko interesgarriak aurki daitezke. Portal batzuetan koral fosilizatu ikusgarriak daude, zenbait denda eta tabernatan marmola eta gneisa bezelako harri metamorfikoak ere badaude, eta, baita granito eta harri bolkanikoak ere. Harrien hizkuntza ikasten hasteko ibilbide egokia eta gomendagarria izango dela aurreratu du. Martitzenerako (otsailak 14) jarri dute hitzordua, udaletxe azpian, 18:00etan. Bi ordu eta erdiko ibilaldia izango da, eta edozein herritarrek parte hartu dezake. Gurpildun aulkian ere joan daitekeela jakinarazi dute.
'GEOelgoibar: geologia herriko kaleetan' bisita gidatuan parte hartzeko interesa dutenek izen-eman dezakete infohydrolur@gmail.com e-posta helbidean, edota 943 901 654  telefono zenbakira deituz (10.00etatik 17.00etara).