2005 eta 2010 urteen artean jaiotako 48 neska-mutilek jokatu dituzte gaur, Pilota Eguneko finalak. 10:30etatik aurrera, hamabi partida jokatu dituzte jarraian, Kalegoen Plazako frontoian. Elgoibar Ikastolak Lagunak Pilota Eskolaren laguntzarekin antolatu du Pilota Eguna, eta gaztetxoen arteko lehiak amaitu direnean, Lagunak Pilota Eskolako bi kidek, Igor Txurrukak eta Ioritz Idigorasek buruz buruko erakustaldi partida jokatu dute. Norgehiagoka lehiatu baten ostean, 18-15 gailendu da Txurruka.
Partiden ostean, irabazle eta txapeldunordeei garaikurrak banatzeko ekitaldia egin dute. Aitor Mendizabal "Mendizabal III" (Antzuola, 1989) Aspe enpresako pilotari profesionalaren laguntza izan dute zeregin horretan.