Mendizaletasunaren eta naturaguneen inguruko ikerketa-zientifikoak, bidaiak, espedizioak eta kultura proposamenak ezagutzera eman nahi ditu Morkaikok prestatu duen azken hitzaldi zikloan. Hasteko, faunari buruzko hitzaldi sorta eskainiko dute eguaztenean, 19:30ean, Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi-gelan.
Ziraba proiektua aurkeztuko dute Ion Garinek eta Egoitz Alkortak. Ziraba proiektua anfibioak eta narrastiak ardatz harturik, hainbat elkartek elkarlanean aurrera eramandako proiektua da. Ingurugiroa, hezkuntza, euskara eta zientzia uztartuz, auzolanaren bidez Hernaniko udalerrian hainbat ekintza burutu dira, herriko ondarea ezagutarazi eta berreskuratzeko ahaleginetan. Parte hartzaileak Aranzadi Zientzia Elkartea, Hernaniko Udala, Ereñotzuko Auzo-Udala, Dobera Euskara Elkartea eta Txirrita eskola izan dira.
• Katamotz iberiarraren bila
Ander Izagirre elgoibartarra naturzalea da afizioz eta irakaslea ofizioz, baina oro har, animalia bila ibili eta argazkiak ateratzea du gustuko. Azken urteetan narrasti eta anfibioen munduan barneratu da, dibulgazio-lanak (hitzaldiak, ikastaroak eta irteera gidatuak) eginez. Oraingo honetan, Katamotz iberiarra izango du hizpide eta berak ateratako hainbat argazki erakutsiko ditu ordu erdi inguruko solasaldian.
Martxoaren 2an izango da hurrengo hitzaldi-sorta, ura eta glaziarrei buruzkoa.