Iritsi dira inauteriak

Barren.eus 2017ko ots. 24a, 10:13

Inauterietako ostiral edo ostiral mehe egunean hasiko dira mozorro festak Elgoibarren eta Mendaron. Elgoibarren Ikastolakoek euskal inauteriak irudikatuko dituzte arratsaldean, baina ez dira kalejiran irtengo eguraldi txarra iragarrita dagoela-eta. Mendaroko Ikastolan ere gaur egingo dute inauterietako jaialdia, eta Elgoibarko Ludoteka ere batuko da mozorro festara.

Iritsi dira inauteriak. Kolorearen eta irudimenaren jaiak izan ohi dira; mozorrotu eta kolorez janzteko egunak. Elgoibarren eta Mendaron dena prest dago datozen egunotan inauteriak ospatzeko. Eragileek egitarau zabala prestatu dute, eta norberak bere neurrirako ekintzak aurkitzeko aukera izango du. Inauterietan umorea izaten da nagusi. Lotsa etxean utzi eta festa eta algararako uneak izango ditugu gaurtik martitzenera bitartean.

Hasteko, euskal inauteriak irudikatuko dituzte gaur Elgoibar Ikastolakoek. Kalejiran irteteko ohitura duten arren, eguraldi iragarpena txarra dela eta ikastetxe barruan ospatuko dutela jakinarazi dute, 15:30etik aurrera. 

• Mozorroak eta txokolatea Mendaron

Mendaroko Ikastolan ere gaur egingo dute inauterietako jaialdia, eta jaialdiaren ostean, Arno Guraso Elkarteko kideek txokolatezko ogitartekoak banatuko dizkiete haur guztiei. 

• Zapatuan eta martitzenean gehiago

Zapatuan, bestalde, kalera irteteko eguna izango da, bai Elgoibarren eta baita Mendaron ere. Musika, txarangak, mozorro desfileak, Atxutxiamaikaren Atxutxikaraokea eta beste hainbat ekitaldi izango dira, inauterietako zapatua umore onean pasatzeko. Martitzenean, berriz, Herri Eskolakoek egingo dute jaialdia ikastetxeko patioan, eta arratsaldean mozorroen elkarretaratzea egingo da Kalegoen Plazan. Mendaron, bestalde, Go!azen telesailaren antzezlana taularatuko dute Ikastolako patioan. Inauterietako egitarau osoa ondorengo tauletan duzue ikusgai.

 
inauteriak elgoibar 2017 egitaraua inauteriak mendaro 2017 egitaraua