Malape tabernan eskaini zuten kontzertua hasierako urteetan. Ondoren, Herriko Antzokia edota Toletxe taberna izan zituzten eszenatoki, eta azken urteotan Kultur Etxeko sotoan ematen dituzte musika saioak.
Zabaleta eta Urizar kontzertu desberdinak eta bereziak egiteko asmoz hasi ziren. Batzuk zaratatsuak, beste batzuk goxoak, arraroak beste zenbait, baina beti ere, musikaz gozatzeko asmoz antolatutako saioak izan ohi dira. Aurten ere ez dute hutsik egingo. Aker larrea izenburupean irtengo dira oholtzara. Urtero kontzertu ezberdina eskaintzeko ahalegina egiten dute, eta berezia izango da gaurkoa ere. 23:00etatik aurrera izango da Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan. Sarrera doan izango da.