Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzen barruan, Hotzikara ikuskizuna eskainiko dute martitzenean (martxoak 7), Gotzon Garate Udal Liburutegian, 19:00etan. Sarrera doakoa izango da.
Ines Bengoaren berbetan ikuskizun honek sexua beste modu batean tratatzeko aukera ematen du, umore klabean eta komunikabideetan maiz agertzen diren “topikoengandik aldenduz”. Gure egunerokotasunean inguratzen gaituen erotismoa topikoz, rolez eta estereotipoz beteta dagoela uste baitu Bengoak, eta horiek berarekin zerikusi handirik ez dutela dio. “Konturatu nintzen erotismoa norbanakoaren barruan dagoela; erotismoa pertsonaren muinetik ateratzen den zerbait dela. Hotzikara hau nire bilaketa pertsonalaren emaitza izan da. Ahozkotasun tradiziotik mimo handiz ipuin bakan batzuk aukeratu eta entzun nahi duen guztiekin konpartitzeko gogoz aurkezten dizuet. Nik bezainbeste disfrutatzea opa dizuet”.
Ikuskizunean kontatzen duen ipuin bakoitza tradizio eta garai ezberdinetatik datorren arren, badute lotzen dituen hari bat: sexua.
Iosu Lizarraga akordeoi jolearen zuzeneko musikak girotuko ditu Bengoaren ipuinak. 14-15 urtetik gorakoei zuzenduta dago. (irakurri hemen Ines Bengoak Eibarko etakitto.eus-i aldizkariari eskainitako elkarrizketa)
- Informazio osoagoa: www.inesbengoa.com