Elgoibarren ere aurkeztu zuten Debabarreneko Orfeoia

Barren.eus 2017ko mar. 9a, 14:27

Elgoibarko publikoaren aurrean estreinako kontzertua eskaini zuen barixakuan Debabarreneko Orfeoiak. Jose Miguel Laskurain orfeoiko zuzendariak esandakoaren arabera dena primeran irten zen, alor musikalean: “Orfeoiak maila bikaina eman zuen, eta ikusleengandik jaso genituen kritikak oso onak izan ziren”. Hala ere, arantza txiki bat geratu zaio Laskurain maisuari: “Oraingoan ere, ez dugu publiko nahikoa erakarri”.

120 bat lagun batu ziren Elgoibarko Herriko Antzokian orfeoiaren kontzertuaz gozatzeko, eta gehiago espero zuten. Laskurain zuzendariak uste du kultur ekintzen tendentzia orokorra dela, hau da, jendea ez da kultur ekialdietara joaten: “Udal Musika Bandak Herriko Antzokia betetzen du, hori egia da. Elgoibartarrak fidelak dira Musika Bandarekin, Txomin Mujikak oso kontzertu bereziak prestatzen dituelako, baina gainerako kultur ikuskizunetara jende gutxi joaten da”. Ikusle faltak “desmotibazioa” sortzen du, baina  orfeoiak lanean jarraituko du, aurrerantzean antzokiak betetzeko ilusioarekin. 

Bigarren kontzertua zuen barixakukoa Debabarreneko Orfeoiak. Eibarren eskaini zuten estreinakoa azaroan. Debabarreneko orkestra sinfonikoa eta Inazio Bereziartua eta Bergarako musika eskoletako ikasleak ere oholtzan izango ziren, orfeoiari laguntzen.

• Iñigo Cearsoloren zuzendaritzapean

Datozen hilabeteetan hainbat kontzertu eskainiko dituzte: Maiatzean Eibarren eskainiko du kontzertua orkestrak eta Iñigo Cearsolo elgoibartarrak zuzenduko du saioa: “Orkestra zuzendaritza ikasketak egiten dihardu elgoibartarrak, eta praktikak egiteko modu bat da”. Orfeoiak, bestalde, ekainean eskainiko du kontzertua, baina ikusle zabalagoarengana iristeko helburuarekin, obra sinfonikoez gain beste musika mota batzuetako abestiak ere abestuko dituzte. Eta azaroan, Santa Zezilia egunaren harira, bi egiturek elkarrekin eskainiko dute kontzertua. 

• Orkestra eta orfeoia paraleloan

Orain dela urtebete sortu zuen Laskurainek Debabarreneko orkestra sinfonikoa, eta paraleloan hasi zen orfeoia sortzeko lanetan ere. Bi egitura independente baina osagarri dira. Biak jaio dira, eta estreinatu dituzte jendaurrean. Hemendik aurrera bi taldeak sendotzea da helburua. Orkestran 35 musikari daude une honetan. Soka instrumentuen beharra dute, eta epe motzean taldea osatzeko lanetan dabiltza. Orfeoiari dagokionez, bestalde, 30 bat lagunek osatzen dute taldea, baina ateak irekita daude parte hartu nahi duenarentzat. Kasu horretan abesten jakitea nahikoa da. Laskurainek berak esan du egungo musikari gehienek ez daukatela musika ikasketarik eta askok ez dakite partiturarik irakurtzen, baina “primeran” moldatzen dira: “Horixe da orfeoiaren meritu handienetarikoa. Musikarik irakurtzen jakin gabe abesten dakien jende talde bat bildu eta soinu ona ateratzea”. Orfeoiko ateak, beraz, zabalik daude, nahi duenarentzat. Hamabostean behin egiten dituzte entseguak, asteburuetan.

 Lotura duten albisteak:

orfeoia debabarrena elgoibar estreinaldia hasiera

orfeoia debabarrena elgoibar estreinaldia orokor

orfeoia debabarrena elgoibar estreinaldia

orfeoia debabarrena elgoibar estreinaldia laskurain

orfeoia debabarrena elgoibar estreinaldia 4

orfeoia debabarrena elgoibar estreinaldia bakarlaria

orfeoia debabarrena elgoibar estreinaldia txelo

orfeoia debabarrena elgoibar estreinaldia zutik

orfeoia debabarrena elgoibar estreinaldia zutik2