Martin Hernandezek zazpigarren postua lortu du Pista Estaliko Espainiako Gazte-mailako Txapelketan

Barren.eus 2017ko mar. 13a, 17:22

Pista Estaliko Espainiako Gazte Mailako Atletismo Txapelketa jokatu dute joan den asteburuan Sabadellen. Mintxeta Atletismo Taldeko ordezkari Martin Hernandez eta Nerea Sasiain antxitxikariak jubenil mailan lehiatu ziren.

Gazte Mailako 41. Espainiako Txapelketan hartu zuten parte Martin Hernandezek eta Nerea Sasiainek, 1.500 metroko eta 400 metroko lasterketetan, hurrenez hurren. Martin Hernandezek bigarren postua lortu zuen lehen finalerdian, 04:12.33-ko denbora eginda, eta finalerako sailkatzea lortu zuen Alejandro Onis (04:11.24) irabazlearekin batera, lehen bi sailkatuek lortzen baitzuten zuzeneko sailkapena. Finalean, Atletico Gijones taldeko Alejandro Onis izan zen azkarrena, hain justu ere, lau minutu, bi segundo eta hamabost ehuneko denbora eginda. Finalean, finalerdietakoa baino lasterketa motelagoa egin zuen Martin Hernandezek eta zazpigarren postuan ailegatu zen helmugara, 04:20.98ko denborarekin. Proba eta maila honetan Ignacio Fontesek du Espainiako errekorra: 03:52.27.

Hortaz, aurten ezin izan du iazko txapelketan 600 metrotan lortu zuen zilarrezko domina berdindu edo hobetu.

• Nerea Sasiain, finalera sailkatzetik gertu 400 metrotan

Martin Hernandezek moduan, Nerea Sasiainek ere Gipuzkoako Atletismo Txapelketan txapeldun izan ostean lortu zuen Espainiako txapelketarako sailkapena. 400 metroko proba korritu zuen Sasiainek. Laugarren finalerdian hartu zuen parte eta ez zuen finalerako sailkatzerik lortu, gertu ibili bazen ere. Hirugarren postua eskuratu zuen 58 segundu eta 60 ehuneneko denborarekin, bigarren egin zuen Laura Centellarengandik 7 ehuneko eskasera eta seriea irabazi zuen Lorena Lambuleyrengandik 51 ehunekora. Sei finalerdi jokatu zituzten eta serie bakoitzeko irabazleak bakarrik sailkatu ziren finalerako. Andrea Jimenezek irabazi zuen finala, 55:32ko denborarekin. 

∞ Lotura duten albisteak:

*Argazkiak: Miguel Romero.

espainiako txapelketa nerea sasiain mintxeta elgoibar miguel romero