Lorea Perez de Albenizek zuzendu duen ‘Ordago Txikira’ dokumentala emango du ETB2k domekan

Barren.eus 2017ko mar. 14a, 13:26

Órdago a pequeña izeneko dokumentalak, Euskal Herriko historian berebiziko garrantzia izan zuten Euskadiko elizbarrutiko misiolarien lana eta Bittor Garaigordobil Los Rios-eko (Ekuador) Gotzain-ohiaren ibilbidea laburtzen du. Garaigordobilek 102 urte beteko ditu aurten. Lorea Perez de Albeniz elgoibartarrak zuzendu du dokumentala. 

Zesatenjuenaz Produkzioak ekoiztetxeak Itsasoari begira dokumentala estreinatu zuen Elgoibarren, 2015eko maiatzaren 7an, Lorea Perez de Albenizen eskutik. Gaixotasun neurologikoa dutenen bizimodua azaleratzen zuen Maier Gurrutxaga elgoibartarraren alaba Itxaso protagonista zuen dokumentalak. Ordago txikira proiektu erabat ezberdina izan arren, batak zein besteak “elkartasuna eta autosuperazioa” dituztela oinarrian azaldu du bi dokumentalon zuzendari Perez de Albenizek. 

• Bittor Garaigordobil gotzain oiharen ikuspegia eta bizipenak

Órdago a pequeña dokumentala ere Zesatenjuenaz ekoiztetxeak ekoitzi du, eta Euskal Herriko historian berebiziko garrantzia izan zuten Euskadiko elizbarrutiko misiolarien lana eta Bittor Garaigordobil Los Rios-eko (Ekuador) gotzain-ohiaren ibilbidea laburtzen du. Bittor Garaigordobilek 102 urte beteko ditu aurten. Gaur egun, Urkiolako Santutegiaren alboan Bizkaiko elizbarrutiak duen etxean bizi da, beste abade batzuez lagunduta. Afizio handiz jokatzen du asteroko mus partida, eta hortik datorkio izenburua dokumentalari. Izan ere, bere ikuspegiak, lan egiteko moduak eta Hego Amerikan bizi izandako aldaketek erabateko aldaketa eragin zuten beregan eta elizbarrutiaren jardunean. Ondorioz, ordura arte inoiz planteatu gabeko moduan egin zuten lan, jarduera berritzaileak eta parte-hartzaileak bultzatuz, “bertako bizilagunen aldeko erronka eginaz eta euren kulturarekiko errespetuan oinarrituz”.

• Martxoaren 19an emitituko dute dokumentala

ETB2an eskainiko dute Órdago a pequeña dokumentala, domekan, martxoaren 19an, 11:00etan. Hego Amerikan ere ikusi ahal izango da dokumentala, ETBSAT katean emitituko baitute. Domekatik aurrera, berriz, eitb.eus web orriko ETBko Nahierara atalean ere ikusgai egongo da. 

Dokumentalaren estreinaldia, baina, eguazten honetan, martxoaren 15ean, egingo dute Gasteizen, Kutxaren Fundación Vital-aretoan, 19:00etan. Aurkezpenean parte hartuko dute Euskadiko elizbarrutietako ordezkariek eta Lorea Perez de Albeniz dokumentalaren zuzendariak.

goiu ta lore zesatenjuenaz elgoibar