Steilas, ELA eta LAB sindikatuek egun osoko lanuztera deitu dute unibertsitatez kanpoko sektore publiko guztietan; hau da, Haurreskoletako, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Lanbide Heziketako irakasle, hezitzaile, sukaldari eta garbitzaileak. Mobilizazioaren muinean eskari argi bat dago: Eusko Jaurlaritzak har ditzala neurriak hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko. "Lan baldintzak hobetu eta berdintasuna eta heziketa integralaren bidean hezkuntza publikoa ardatz izango duen politika" eskatuz egin dute greba deialdia.
Elgoibarren oihartzun zabala izan du lanuzteak eskola publiko guztietan, Meka Lanbide Eskolan eta IMHn izan ezik. Arreiturre Institutuan irakasleen %78ak egin zuten bat grebarekin eta “mugimendu eta klase oso gutxi” daudela jakinarazi dute. “Duela bi egun jakinarazi genien gurasoei eskutitz bidez grebak jarraipen oso zabala izango zuela aurreikusten genuela, eta beraz ezingo genuela ohiko jarduna bermatu. Hamabost bat ikasle bakarrik azaldu dira gaur”, azaldu du Institutuko zuzendariak.
Meka Lanbide Eskolan, aldiz, 60 irakasle baino gehiago daude eta hamaikak bakarrik egin dute bat grebarekin. Greba deialdia “eragin gutxi” izaten ari dela jakinarazi dute. “Lehen ikasturteetako ikasleak normaltasunez ari dira klaseak jasotzen. Bigarren kurtsoko ikasleak, berriz, praktiketan ari dira gehienak ikasturteko sasoi honetan”. IMHko irakasleek gaur ez dute grebarik egin.
Elgoibarko Herri Eskolan irakasleen eta langileen %80k egin dute bat greba deialdiarekin. Ikastetxeko ateak zabalik daude, gurasoen esku laga baitzuten seme-alabak eskolara bidali ala ez erabakitzea. Ikasle “oso gutxi” azaldu direla jakinarazi du Herri Eskolako zuzendariak. Jangela zerbitzua ere bertan behera gelditu da, sukaldarien %100ak egin dute-eta greba.
Elgoibarko Haurreskolan langile guztiek egin dute bat grebarekin, eta gutxieneko zerbitzuak ematen ari dira, legeak agindutakoaren arabera.
Mendaroko Ikastolari dagokionez, irakasleen klaustroko kideen gehiengoak egin du bat egun osoko lanuztearekin.
• Murrizketei “uko” egitea
Hezkuntza publikoko 30.000 langile zeuden grebara deituta gaur. Mobilizazio horren bidez, hezkuntzako beharginen lan baldintzak hobetzea eta euskal hezkuntza sistema berri bat eraikitzea aldarrikatu nahi dute. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Hezkuntza Publikoan, 250.000 ikasle ingururi eragingo dien murrizketen aurka protesta egin nahi dute deitzaileek. Murrizketei "uko" egitea eta hezkuntzan egin beharreko inbertsio publikoa handitzea eskatzen diete sindikatuek Eusko Jaurlaritzari, eta hori izango da euskal hiriburuetan egingo diren manifestazioetan egingo duten aldarrikapen nagusia.
Deitzaileek salatu dutenez, 2009-2010 ikasturteaz geroztik 2.000 lanpostu suntsitu dira unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta behin-behinekotasuna % 39koa (9.000 langile) da.
Bestalde, sektorean gutxienez 2.000 lanpostu berri sortzea, 6.000 lanpostu egonkortzea, gelako ikasleen ratioa jaistea, murrizketa guztiak lehengoratzea eta Heziberri proiektua alde batera uztea eskatu dute.
• Jaurlaritza ez dator bat argudioekin
Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila greba deitzeko arrazoien kontra agertu da. Azken urteotako krisi ekonomikoak egoera zaildu duen arren, hezkuntza Eusko Jaurlaritzaren lehentasunen artean dagoela ziurtatu du, “osasuna eta gizarte zerbitzuekin batera”.
“Euskadik ahalegin handia egin du hezkuntza sistemaren baldintza onenak bermatu ahal izateko, lan arloan ere”, azpimarratu du Hezkuntza sailak.
Gauzak horrela, irakasleen lan-baldintzak egokiak direla ziurtatu du Jaurlaritzak. Soldatei dagokienez eta ikasleen ordutegiari dagokionez ere. Halaber, gela bakoitzean sar daitezkeen gehiengo ikasleei dagokienez ere.