Munduko Kros Txapelketaren 42. edizioa jokatu zen domekan Kanpalan (Uganda, Afrika). Gaur egun bi urtean behin jokatzen da Munduko Kros Txapelketa. Emakumezkoetan Irene Chepet Cheptai keniarrak irabazi zuen lasterketa, 2016an Elgoibarko Juan Mugertza Nazioarteko krosa irabazi zuen antxitxikariak, hain justu ere. 2013. urteko Mugertza krosean ere hartu zuen parte Chepet Cheptaik, eta hirugarren postua lortu zuen orduan. Lasterkari keniarrak orain dela bederatzi urte junior mailan lortu zuen garaipena errepikatu zuen atzo, nagusien mailan. Lehen sein sailkatuak keniarrak izan ziren. Aurtengo Mugertza krosean hirugarren egin zuen Trihas Gebrek ere hartu zuen parte Ugandako Munduko txapelketan, eta etiopiar jatorriko atleta donostiarrak 19. postua eskuratu zuen, animoz baxu xamar joan bazen ere, orain dela egun gutxi ama hil zaiolako.
• Joshua Cheptegei Mugertza kroseko irabazlea garaipenetik gertu
Gizonezkoen lasterketa nagusia denbora luzean ahazten ez diren horietakoa izan zen. Lasterketa irabazteko faboritoetako bat zen Joshua Cheptegei, aurtengo Mugertza kroseko irabazlea, bereziki, txapelketa bere herrialdean jokatzen zelako. Zaleen animoek hauspotuta lasterketaren erdialdera erasoa jo eta munduko kros txapeldun Geoffrey Kamworor kenyarrak bakarrik jarraitu ahal izan zuen 20 urteko ugandarrak ezarritako erritmo bizia. Gero, Cheptegeik bakarrik alde egin zuen eta azken itzulira iristean alde handi xamarra ateratzen zion Kamwororri. Garaipenak ez ziola ihes egingo zirudien. Zaleek ere txapeldun ikusten zuten herrikidea. Ugandarrak, baina, gaizki neurtu zituen bere indarrak eta demaseko txakalaldia izan zuen. Bat-batean, zutik egoteko ere indarrik gabe gelditu zen, eta aise gainditu zuen Geoffrey Kamworor keniarrak, honek azken txanparako indarrak gorde zituen-eta. Cheptegeik adorea atera eta helmuga marra nola edo ahala zeharkatzea lortu bazuen ere, beste saltakari askok hartu zioten aurrea azken metroetan eta 30. postuan heldu zen. Honenbestez, Kamwororrek jarraian lortzen duen bigarren Munduko Kros Txapelketa irabazi zuen. Kenenisa Bekele etiopiarra izan zen Munduko Kros Txapelketa jarraian irabazi zituen azkena, 2002an eta 2006an.
Mugertza kroseko arduradunek Joshua Cheptegeiri animoak emateko mezua idatzi dute sare sozialetan. "Egunen batean altxatuko dituzu eskuak Munduko txapelduna zarelako, joan den urtarrilean Elgoibarren egin zenuen moduan", idatzi dute Mintxetako helmuga gurutzatzen ari den uneko argazkiarekin batera.
Ikus honako bideoan Joshua Cheptegeik azken itzulian izan zuen txakalaldia: