Jose Gurrutxaga krosa jokatuko da domekan Elgoibarren, izena ematen dion Jose Gurrutxagarik gabe egingo den lehenbizikoa, joan den urriaren 23an hil baitzen Gurrutxaga, 95 urte zituela. Kroseko lasterketei irteera ematen aritu zen iaz arte.
Gurrutxagak gaztetatik izan zuen gustuko antxitxika egitea eta azken urteetara arte eutsi zion ohitura horri (ikus hemen BARRENi eskaini zion elkarrizketa). Euskal Herriko hizkerak eta ahoxzko ondarea jasotzen eta zabaltzen diharduen ahotsak.eus-en jasota dituzten bideoetan Joxek berak azaltzen ditu bere zaletasunari buruzko hainbat kontu.
Soldadutzara joan zenean apuntatu zen korrikara (ikus Joxeren testigantza bideoan). Distantzia motzetan moldatzen zen hobeto, baina luzean jardun behar izaten zuten. Soldadutza ona pasatu zuen horri esker. Karrerak bukatzen zituen eta horrekin nahikoa zuen. (ikus bideoa)
46 urterekin hasi zen beteranoetan korritzen. Madrilen debutatu zuen, eta oso gogoan zuen karrera hura. 50 eta 600 metrotan txapeldun geratu zen. Gero, 200 eta 800 metrotako lasterketetan korritzen zuen, eta sarri geratu zen txapeldun.
Emaztea hil zenean utzi zion txapelketetan parte hartzeari, 2007an, 85 urte zituela. Aguilas-en (Murtzia) korritu zuen azkena. (ikus bideoa)
Azken urteetan abiadurako probetan aritzen zen, 100 eta 200 metrotako lasterketetan. Urteetan aurrera egin arren, marka harrigarriak ezarri zituen Joxek. 100 m, 12:09. 50 urterekin, 200 m, 26:06. 56 urterekin, 800 m, 2:16:04 (Espainiako errekorra une hartan). (ikus bideoa)
Beteranoentzako Munduko Txapelketetan ere parte hartu zuen Suedian eta Italian. Postu onak egin zituen bietan. Danimarkan ere korritu zuen Euskadiko Selekzioarekin. Irabazi egin zituen 400 metroak. Euskadiko Selekziokoak zirela, eta ez Espainiakoak, onartzea lortu zuten Danimarkan. (ikus bideoa)