Hirugarren aldia da Inazio Bereziartua musika eskolan lapurtzen dutela, azken hilabetean. Lehenengo bi aldietan lapurrak egun argiz sartu zirela azaldu dute musika eskolako arduradunek. “Lehenengo aldian 14:00ak inguruan sartu ziren eta 18:00ak inguruan bigarrengoan, nahiko azkar jabetu ginen-eta lapurrak sartu zitzaizkigula”. Ez ei zuten gauza handirik ostu. “Irakasleen gelako kafe makina indarrez ireki zuten eta ez dut uste 10 euro baino gehiago eramango zituztenik barrutik, irakasle gehienek txipdun txartel bat baitute eta txanponik erabili gabe ateratzen dute kafea makinatik”.
Gaur, goizaldean sartu dira lehenengoz. Ez dakite oraindik sarrerako atetik ala leihoren batetik sartu diren. Kafe makina ireki dute oraingoan ere eta beheko solairuko bulegoetan ere ibili direla badakiten arren, ez dakite zehazki zer ostu duten, gaizkileek utzitako hatz markak hartzera etorri behar duten Ertzaintzako agenteen zain daudelako. Momentuz, bulegoetarako sarrera debekatzen duen zinta jarri du Elgoibarko Udaltzaingoak.
Musika eskolako arduradunek azaldu dutenez, lehen lapurreta jasan ostean, lapurren bisita berri bat izateko aukera handiak zituztela esan zien poliziak, eta ez gordetzeko baliozko ezer eraikinean.