Euskal Herriko Itzuliko etapa Elgoibartik pasako da azken kilometroetan

Barren.eus 2017ko api. 7a, 12:04

Euskal Herriko 57. Itzuliko azken aurreko etapa, bosgarrena, Bilbo eta Arrate artean jokatuko dute gaur. Etaparen amaieran Aiastiako gaina igoko dute eta Elgoibarrera jaitsiko dira, Maltzaga alderantz joan aurretik.

Bilbotik 14:00etan irtengo den etapa izango da aurtengo Itzuliko gogorrena. Etapa klasikoa, alde batetik, Arrateko santutegian amaituko delako, baina bi aldiz Izua igo ondoren, hain ezaguna ez duten aldetik igoko dute etapa amaieran Usartza. Matxariatik, hormigoizko zati bat barne, igoko duten mendateak ez du alferrik %10 baino gehiagoko batez bestekoa eta hor igotzaile indartsuenek, etapa lehiatzeaz gain, sailkapen orokorrari begira aldea atera nahiko diote beren arerioei.
138,9 kilometroko ibilbidea duen etapa amaitzeko 12 kilometro falta dituztenean pasako dira txirrindulariak Elgoibartik, 17:02etan aurreikuspen azkarrenen arabera, eta 17:21ean motelago badatoz. Urkaregi gainetik 16:53ak eta 17:11ak artean pasako direla aurreikusten dute antolatzaileek. Aiastia gainetik jaiotsi ostean Maltzagarantz jango dira txirrindulariak Eibartik Arrate gainera igotzeko. (ikus 5. etapako ibilbidea eta ordutegia)
Ohikoa den bezala erlojuaren aurkako etapa batekin amaituko da Itzulia zapatuan. Eibarren hasi eta bukatuko da 27 kilometroko erlojupekoa.