-Nola bururatu zitzaizun munduko sei maratoi ospetsuenak ('World Marathon Majors') korritzeko ideia?
Ez da egun batetik besterako burutazioa izan, prozesu bat baizik. Pentsa, etxekoei hitza emana nien ez nuela sekula maratoirik egingo. Duela bost urte, baina, maratoi bat egiteko gogoa nuela esan nuen etxean eta Donostiakoan parte hartu nahi nuela. Hala, etxekoen oniritzia jaso eta gero, entrenatu eta parte hartu nuen. Oso gustura aritu nintzen eta helmugara ailegatzen ari nintzela piztu zitzaidan beste maratoi bat egiteko gogoa. Hurrengo bi urteetan ere korritu nuen Donostiako maratoia.
-Eta txiki geratu zitzaizun Donostiako maratoia.
Etxetik gertuen neukan maratoia delako egin nuen, eta gainera, gora behera askorik gabeko ibilbidea duelako. Baina...hiru bider jarraian egin ostean, erronka berri bat behar nuen eta maratoirik ospetsuena egiteko gogoa sortu zitzaidan, New Yorkeko maratoia. Emaztearen baimena lortzeko, alaba eta honen mutil-laguna konbentzitu nituen maratoia nirekin egin zezaten. Hala, laurok joan ginen eta 2015eko azaroaren 1ean korritu genuen (azaroko lehen domekan egiten da urtero). Entrenamenduetan metodikoa eta zorrotza naiz eta ongi prestatu nuen. Urte osoan aritzen naiz korrika eta maratoia jokatu aurreko lau hilabetetan entrenamendu programa zorrotza jarraitzen dut. Alaba eta bere mutil-laguna, aldiz, nahiko berandu hasi ziren entrenamenduekin, uda ostean. Entrenamendu intentsiboa eginda joan ziren New Yorkera, azken bi hilabetetan hiruzpalau maratoi erdi egin eta gero. Hiria ezagutzen nuen, aurrez behin baino gehiagoan izana naizelako. Hiri ederra da. Lasterketa egunean egun zoragarria egin zuen korrika egiteko eta dena irten zen primeran. Mundu guztiak egin nahi duen maratoia egin genuen, ospetsuena.
-Nolakoa da New Yorkeko maratoia?
Ezaguna nuen hiria beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera eman zidan maratoiak. Hiriko auzo esanguratsu guztietatik pasatzen da ibilbidea eta bide bazterrean dagoen jendeak orduak eta orduak ematen ditu antxitxikari guztiak animatzen, hasi lehenetik eta azkenera arte. Asko igartzen eta eskertzen dira animo horiek. Kilometro batzuk nahiko gogorrak ditu, baina Central Parken dagoen helmugara ailegatzea bezalakorik ez dago. Segurtasun neurriak ere harrigarriak dira. Horrenbeste polizia eta helikoptero hegan ikusteak errespetu handia ematen du. Bostoneko maratoian egin zuten atentatuaren ostean, segurtasun neurriak handitu dituzte New Yorkeko maratoian.
-Eta New Yorketik Chicagora egin zenuen.
Bai. Lana dela-eta asko bidaiatzen dut munduan barrena eta Chicago da korrika egiteko ezagutzen dudan hiririk egokiena.Jende asko eta asko ibiltzen da Michigan lakuaren ertzetan korrika. Neguan hotz handia egiten duen hiria da eta baita haizetsua ere, haizearen hiria deitzen diote, eta hala eta guztiz, korrika egiteko afizio handia dago. Eguraldia ez da oztopo han. Hotzari aurre egiteko arropa bereziak jantzita irteten dira neguan eta neu ere bai. Zoro bat izan beharrean bat gehiago zara han. Eta Chicagokoa World Matathon Majors txapelketako maratoia denez, 2016ko urriko bigarren domekan egin nuen.
-Nolako esperientzia izan zen Chicagokoa?
Maratoia bera baino gehiago Chicagora ailegatzea izan zen konplikatuena. Aurreko aste guztia Mexikon pasa behar nuen azoka batean, lan kontuengatik. Lana eta maratoia uztartzeko zehatz mehatz antolatu behar izan nuen bidaia guztia. Barixakuan amaitu zen azoka Queretaron (Mexiko) eta handik Mexiko Hirira joan ostean, Dallasera hartu nuen hegaldi bat, eta handik Chicagora beste bat. Zapatuan, 15:00etan, ailegatu nintzen. Dortsala jaso, pasta plater bat jan pizzeria batean eta lo egitera joan nintzen. Azken asteetan desordutan entrenatzen aritu nintzen arren, maratoi oso-oso ona irten zitzaidan eta azken hiru edo lau kilometroetan egin nituen denborarik onenak, normalena alderantziz izatea denean. Bezperan eta hegazkinetan ordu dezente pasatu ostean ailegatu banintzen ere, maratoi bete-betea irten zitzaidan Chicagon.
-Jarraitzeko gogoa emango zizun Chicagoko maratoia horren ongi bukatu izanak.
Adinean aurrera noa eta maratoi gehiago egin nahi baditut ez daukat astirik galtzeko. 2017an egin nahi nituen maratoiak antolatzeari eta prestatzeari ekin nion. Tokio eta Berlin aukeratu nituen. Tokioko maratoian eman nuen izena lehenik. Emaztea konbentzitu behar izan nuen, beste behin ere, eta nirekin etorrita herrialde exotiko bat ezagutzeko aukera izango zuela esan nion, bidaiatzea ere asko gustatzen zaigu-eta. Emazteak gorroto du korrikalarion ingurunea. Beti gai berdinei buruz berbetan ari garela dio. Otsaileko azken domekan, joan den otsailaren 26an, egin nuen Tokioko maratoia, nire hirugarren 'major'-a.
-Europa edo Ipar Amerikako kulturekin alderatuta desberdina da Japoniako. Igarri zenuen Tokioko maratoian?
2020an Tokion egingo diren Olinpiar Jokoetarako prestatzen ari dira Japonian eta zenbait berrikuntza probatu zituzten maratoian. Ibilbidearen alboetan, esaterako, medikuak eta poliziak jarri zituzten korrika, erreleboka. Gainerakoan, antolakuntza aldetik eta, ez nuen ezer apartekorik ikusi, ez behintzat deigarria iruditu zitzaidan ezer.
-Hiru maratoi entzutetsu egin dituzu eta badaukazu alderatzeko aukera. Zeinetara bueltatuko zinateke berriro?
New York-eko edo Chicagoko maratoietara. Ikusgarriena New York-ekoa da. Tokiora turista moduan bai, baina maratoia korritzera ez nintzateke berriz joango.
-Nola bizi dituzu maratoiak. Oraindik ez dizkidazu aipatu egin zenituen denborak?
Gaztetan 30 urte bete arte ibili nintzen saltaka. Adin horrekin enpresa munduan ardurak izaten hasi nintzen ordea eta errazena egin nuen, korrika egiteari laga, denbora faltaren aitzakiarekin. 2009an, baina, bi gauzak bat egin zuten. Batetik, 50 urte bete nituela; eta, bestetik, krisi ekonomiko oso gogorra jasaten hasi ginela. Urduri nengoen oso, eta ingurukoak ere urduri jartzen nituen. Aurrekoez gainera, asko lodituta nengoen. Orduan, laneko bidaietara eramaten nuen maletan korrika egiteko zapatilak sartzen hasi nintzen. Hasieran aurpegia gorri gorri jartzen zitzaidan eta gogorra izan zen sasoia berreskuratzea, baina poliki poliki lortu nuen eta korrika egiteak on egiten zidala ikusi nuen. Hobeto sentiarazten ninduen. Eta ez mentalki bakarrik, fisikoki ere inongo pastillarik hartu beharrik gabe ailegatu naiz 58 urteetara. Durangoko koadrilakoekin afariak egiten ditudanean fisikoki euretako asko baino hobeto nagoela ikusten dut. 92 kilo pisatzen nituen berriro korrika hasi nintzenean eta 77 kiloren bueltan ibiltzen naiz orain. Eta aurreko guztiari gehitu behar zaio, ilusioa emango didan zerbaiten bilaketan nabilela uneoro, dela lanean zein bizitzan. Eta korrika egiteak nire bizitza osatzen du, bizipoza ematen dit.
-Maratoik egiten ari zaren bitartean badago hiriak ikusteko aukerarik?
Lasterketetan? Disfrutatzen dugula denok esaten dugun gezurra dela uste dut; ez dator bat errealitatearekin. Une batzuetan ez zara konturatzen nondik pasatu zaren ere. Oso exigentea da maratoi bat. Une batzuetan zure inguruan doazen lasterkarien zapatilek ateratzen duten zarata da entzuten duzun gauza bakarra,soinu horrek markatzen dizu jarraitu beharreko erritmoa eta pilotu automatikoa jarrita egiten da korrika une horietan, indar eta kontzentrazio guztia eman beharreko pausoetan jarriz.
-Zein da egingo duzun hurrengo maratoia?
Berlineko maratoia egin nahi nuen aurten, baina konpromiso bat sortu zait iraileko azken domekarako eta hurrengo urterako laga beharko dut. Amerikan Boston gelditzen zait, eta Europan, Berlinekoaz gainera Londresekoa. Lan erdiak geratzen zaizkit sei Majors-ak osatzeko. Adituek diotenez, ez da gomendagarria urtean maratoi bat edo bi baino gehiago egitea.
-Azken urteetan munduko bazter askotan korrika egiteko aukera izan duzu.
Bai, dela lanagatik edo bidaiatzea asko gustatzen zaigulako, leku entzutetsu askotan korrika egiteko zortea izan dut: Txina, Japonia, Tailandia, Dubai, Abu Dabi, Paris, Londres, Alemaniako hiri askotan ibili naiz gauez korrika, Sao Paulo, Rio de Janeiro, Buenos Aires, Chicago, Detroit, Mexikon ere bai, beti leku seguruenak bilatuz, segurtasun kontuak direla-eta. Korrika egiteko ingurune egokia duten hotelak aukeratzen ditut. Beste batzuk gastronomia buruan duten moduan, korrika egiteko baldintzarik onenak eskaintzen dituen lekua izaten dut nik buruan. Sao Paulon adibidez, Ibirapuera parkearen ondoan hartzen dugu ostatu. Goizaldeko 05:00etan mila saltakari topa ditzakezu han, afizio handia dago-eta. Familiarekin noanean oso goiz esnatzen naiz egunerako prestatuta geneukan planean ez eragiteko eta horrela moldatzen gara. Esfortzu bat eskatzen du familia eta zaletasunak uztartzeak, baina... gustuko lekuan aldaparik ez.
-Horrenbeste leku ezagutu ostean, non dute korrika egiteko zaletasunik handiena?
Chicagon eta Brasilen esango nuke. Brasilen pasioz bizi dute kirola. Hondartzan daudenean ere ez dira egun guztian etzanda egoten, kirola egiten baizik, dela boleibolean, gimnasia egiten... Gorputza gurtzen dute han.
Gaur egungo ordulari moderno hauetako bat dut, hainbat datu eta eginiko ibilbide guztiak GPSaren bidez jasotzen dituztenak. Teknologia lagungarria dela uste dut, motibaziorako tresna bat gehiago izan daiteke. Duela urtebete sasoi hobeagoan ala txarragoan zauden erakusten dizu. Nondik nora ibili zaren gogoratzeko ere balio du. Eta baita astean edo urtean egindako kilometroak zenbatzeko ere.
-Eta... zenbat kilometro egiten dituzu korrika urtean?
2016an 3.030 kilometro korrika egin ditudala esaten dit ordulariak.
-Teknologia berrietara ondo moldatu zara orduan.
Bai. Orain lehen bezala korrikalariak egiten du ahalegin guztia, baina egon dira hobekuntzak zapatila eta arropetan eta aipaturiko teknologoa horietan. Beste gauza batzuk ere hobetu edo 'profesionalizatu' dira. Gogoan dut oraindik nire lehenengo behobiak korritu nituenean nola jartzen ziren Irungo suhiltzaileak irteeran mangera batetik ura botatzen, inor denbora baino lehen atera ez zedin. Lagunei eta beti kontatzen diedan anekdota da eta inork ez zidan kaso handiegirik egiten, baina aurtengo Behobian gogora ekarri dute antolatzaileek. 3.000 bat lagun irteten ginen sasoi hartan, Garin anaiek korritzen zutenean eta.
-Elgoibarren zein dituzu korrika egiteko leku gustukoenak?
Maratoiak prestatzeko entrenamendu saio luzeenak Andikano eta Maltzaga arteko bidegorrian egiten ditut. Bost kilometro dira eta zazpi bider egiten dut 35 kilometroko saioak egiteko. Entrenatzeko leku aproposa dela uste dut, bidean dauden hiru aldapatxoak gogorrak diren arren mesede egiten didatelako. Maratoiak bi zati ditu, fisikoa eta mentala. Gaztea nintzenean denbora onak egin nituen Behobian, ordu bat eta 15 minutuan egindakoa naiz, baina ziur naiz ezin izango nukeela maratoi bat bukatu. Ez neukalako gaitasunik hiru orduan korrika ibiltzeko. Fisikoki egon zaitezke oso ondo prestatuta, baina 42 kilometroko proba bat bukatzeko mentalki egon behar duzu prestatuta. Uste dut horretatik direla maratoilari gehienak 35 urtetik gorakoak eta. Martin Fiz-ek esaterako, 53 urterekin, munduko sei maratoi ospetsuak irabaztea du helburu, beteranoetan, M50 kategorian (50 urtetik gorakoak).