Elgoibarko Udaleko arduradunek zalantzak izan dituzte aurtengo sanbartolomeetako egutegia prestatzerakoan, baina azkenean jai egunak jarraian jartzea erabaki dute. Hortaz, 23an hasiko dira jaiak eguerdiko txupinazoarekin, eta hilaren 24a San Bartolome Eguna izango da, ohi legez. Hilaren 25a Txiki Eguna izan ohi da, egun hori asteburuan jausten ez bada behintzat. Kasu horietan astelehenera atzeratzen da Txiki Eguna. Aurten hilaren 25a ostirala da, eta hor sortu zen lehenengo zalantza. Txiki Eguna bere horretan utzi, ala ostirala izanik Gazteen Eguna ospatzeko aprobetxatu. Bigarren aukera honen aldeko apustua egin du Udalak, beraz, hilaren 25a Gazteen Eguna izango da eta hilaren 28a, astelehena, Txiki Eguna. Bi izan dira erabaki horren alde egiteko arrazoi nagusiak: batetik, Gazteen Eguna ostiralean izaten dela, eta bestela, irailaren 1era atzeratu beharko litzatekeela. Bestalde, iraileko lehenengo asteburu horretan San Antolin jaiak ere ospatzen dira Arriaga auzoan, eta hori ere kontuan izan dute.
• Sanbartolomeetarako ekarpen eskea
Sanbartolomeen harira, Udalak jakinarazi du jaietarako ekarpenak egiteko epea apirilaren 30era arte zabalik dagoela. Aipatutako ekarpenak Kultur Etxean entregatu beharko dira, Kultura sailean, modu presentzialean (Kalebarren Plaza 3, 1. solairua ezk.) edota kultura@elgoibar.eus posta elektronikora mezua bidaliz.