Ahotsak

Etxeko argia, "ipurtargia" modukoa

Barren.eus 2017ko api. 30a, 19:43

Argindarrak huts egiten duenean, ezerk gutxik funtzionatzen du gaur egungo etxerik gehienetan. Hainbat elgoibartarrek, baina, beste era bateko sasoiak ezagutu zituzten. Ahotsak.eus webgunean argindarra baserrietara heldu zen garaiko hainbat testigantza dituzte jasota.

Otsoroandi baserriko Felix Balzola Astarloak umetatik ezagutu du argia etxean. Hala ere, egunez ez zuten argirik pizten baserrian; gauetan, bakarrik. Argi ahula egiten zuen, "ipurtargia". Gerora, Iberdueroren argindarra etorri zen: hasieran, egurrezko posteak; gero, zementuzkoak. Hona hemen Felixen testigantza, bideoan.

Bentura Arrieta Bergaretxek, berriz, akorduan du nahikoa argindar zutela etxean, euren baserria, Arriaga bailarako Irabaneta baserria, San Antolingo argindar zentraletik gertu zegoelako. Aldiz, ezkondu zen etxean bazegoen argindarra, baina oso eskasa San Antolingoarekin alderatuta. Ikus bideoa.

• Behiak jeztera kandela argiarekin
Josefa Gabilondo Agirregomezkortak gogoan duenez, zazpi urte inguru zituenean jarri zuten argindarra etxean, Idotorbe auzoko Egigurentxiki "Eguentxiki" baserrian. Umetan, behiak jezteko, kandela argiarekin joaten zen laguntzaile. Petrolio-ontziko argia ere ezagutu du. Hona hemen Josefaren testigantza, bideoan.

• Argindarra errekatik
Josefa Gabilondok 32 urte zituenean, hiru etxeren artean errota eta zentral txiki bat eraiki zituzten, auzolanean. Zentralak ezin zuen eman arropak garbitzeko makina elikatzeko beste indar eta orduan lineako indarra jarri zuten. Zentralaren mantenua txandaka egiten zuten. Hona hemen Josefaren azalpenak, bideoan.

Urruzuno auzoko Munoandi baserrian 1930. urtean jaiotako Luis Etxaniz Osororen berbetan, aurrerapenik ez zegoen lehenago. "Lehen ez zegoen ez enpresarik, ez kotxerik, ez telebistarik..." Iluntzen zenean argirik ez zegoen eta kandelarekin edo karburoarekin egiten zuten argi.