Pertsonen zaintzari buruzko hitzaldia eskainiko du Mayte Sanchok

Barren.eus 2017ko mai. 10a, 06:25

Pertsonak zaintzen dituen gizarte batetik etorkizuna eraikitzen izenburupean hitzaldia eskainiko du Mayte Sanchok, Matia Fundazioa Institutu Gerontologikoko zuzendari ikertzaileak, eguenean (maiatzak 11).

Elgoibarko Udaleko Gizarte Ongizate Sailak antolatu du hitzaldia, eta eguenean izango da, hilaren 11n, Musika Eskolan, 19:00etan. Saio irekia izango da, eta zainketarako estrategiaren esparruan, zainketa eta mendekotasunari buruz hausnartzeko saioa izango da.
Gizartea zahartzen ari da eta Mayte Sancho Castiellok gizarte egoera berri honetara egokitzeko lagungarri izan daitezkeen arrasto eta tresnak azalduko ditu, etorkizunean irekitzen diren lan-aukera eta gizarte-aukeren ikuspuntutik. Mayte Sancho psikologian lizentziatua da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta gerontologia sozialeko masterra egin zuen ondoren, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Ibilbide luzea egin du bere lanbidean. Besteak beste, IMSERSOren Gizarte Segurantzako Kudeaketa Kidegoan aritu izan da, eta Sofia Erreginaren Fundazioak sustatutako Alzheimerraren Zentroa diseinatu zuen lantalde teknikoan ere hartu zuen parte. Gaur egun, Matia Institutu Gerontologikoko zuzendari zientifikoa da.