Debako Udalaren lokal batzuetan lapurretan ari zen unean atxilotu zuen Ertzaintzak 30 urteko gizonezko bat, joan den astean. Sarrerako ateak bortxatu ondoren hainbat material elektroniko atera nahian zebilen unean atxilotu zutela azaldu du Ertzaintzak prentsa ohar bidez.
Atxilotua 30 urteko gizonezkoa da eta polizia-aurrekari ugari dituela jakinarazi dute polizia iturriek. Ertzaintza ikertzen ari da susmagarriak parte hartu ote zuen azken hilabeteotan hogeiren bat merkataritza-establezimendutan egindako lapurretetan, denak Debabarrenean.
Lapurreta horien artean, atxilotuak inguruko bi komentutan egindako bi lapurreta, hainbat aroztegitan egindako hiru lapurreta eta Debako, Elgoibarko eta Eibarko musika-eskoletan egindako beste hiru lapurretarekin izan dezakeen zerikusia ikertzen ari direla azaldu dute. Inazio Bereziartua Musika eta Dantza eskolan hiru alditan sartu ziren lapurrak hilabeteko epean.
∞ Lotura duten albisteak: