Ander Mujika eta Miren Narbaiza hainbat proiektutan murgilduta ibili dira azken urteetan eta bitartean Napoka Iria geldirik zegoen. Gaur iragarri du bikoteak, ohar baten bidez, agur kontzertu bat emango duela uztailaren 7an, Eibarko Coliseo antzokian. Azken kontzertu horretarako sarrerak datozen egunotan izango dira eskuragarri kutxasarrerak.net webgunean eta Coliseo Antzokiko leihatilan.
Hamabi urteko ibilbidea egin du Napoka Iriak eta hiru disko utzi ditu: Napoka Iria (2006), Lehertarazi edifizioak (2011) eta Arnasten ikasteko berriz (2013).
Hauxe da Napoka Iriak zabaldu duen oharra:
Kaixo guztioi,
Etenaldi luze honen ondoren Napoka Iria isiltzeko tenorea iritsi dela esatera gatoz. Ez da erraza izan erabakia hartzea. Argi ikusi dugu izan zenari ez diogula bortxaz tira egin nahi, halabeharrez jarraitu baino hobe baita aro batzuk amaitzea beste batzuei gogotsu ekiteko. Eta hori izango da datorren uztailaren 7an egingo duguna Eibarko Coliseo antzokian, gure azken kontzertua. Taldearen ibilbidean egon diren hainbat lagunekin batera agur beroa emango diogu Napoka Iriari. Gustatuko litzaiguke moduren batean edo bestean gurekin izan bazara etor zaitezela elkarrekin azken aldi batez gozatzera.
Esan bezala ez da erraza izan erabakia hartzea. Amaierek dakarten sentimendu askoren nahasmena izan dugu; tristura eta oinazea batetik, damuaren beldurra, baina baita asetasuna eta poztasuna ere. Eta behin erabakia hartu dugunean, lasaitua gorputzean, malkoak begietan eta irribarrea ahoan.
2005 urte inguru hartan hasi genuen ibilbidea, gitarra akustiko bat eta ahotsa, besterik behar ez genuenean, noski, ez autorik ezta lokalik ere! Edozein txoko zen baleko; parke erdi abandonatuak, ikasle garaietako pisuetako sukalde nimiñoak, hondartzara begira dauden balkoi naturalak, trenetako bagoiak, atzerriko kale iskinak, tabernetako kontzertu inprobisatuak… Zenbat bizipen, zenbat maitasun, zenbat gozamen. Ordutik asko aldatu dira kontuak eta gu geu ere asko aldatu gara.
Jende izugarria ezagutu dugu, leku izugarriak bisitatu ditugu, momentu izugarriak bizi izan ditugu eta lasai gaude, betiko lotuko gaituelako musikak sortzen duen zera zehaztezin horrek; beti hor dagoena eta egongo dena, sasoien eta denboraren joan etorrien begietara aldakor agian, baina bera, bere horretan, aldagaitz. Gu bion barrenean bederen, hala izango da.
Eskerrik asko horrela bizitzen lagundu diguzuen guztioi.
• Bakoitzak bere bidea
Napoka Iriarenak egin ondoren, norbere proiektuekin aurrera jarraituko dute bi kideek. Ander Mujika Anariren taldeko kidea da —Borja Iglesias gitarrista ordezkatu du—, eta Narvale kontratazio agentzia kudeatzen du (Amorante eta Joseba B. Lenoir). Miren Narbaizak abuztuan grabatuko du bere bakarkako lehen diskoa MICE izenpean, eta horrez gain Perlak eta Drumkopters taldeetan aritzen da gaur egun.
- Japoniara itzuliko da berriz Napoka Iria, sei kontzertuko bira eskaintzera (2014-10-29)
- Bideoa: Napoka Iriak kontzertua eskaini zuen sotoan (2014-01-07)
- Napoka Iria taldeak Tumatxak saiorako egindako bertsioen bideoak sarean ikusgai (2013-11-04)
- Diskoa kaleratu du Napoka Iriak: ‘Arnasten ikasteko berriz’ (2013-10-04)
- Hertzainak-en 'Aitormena', Napoka Iria-ren eskutik (2013-09-12)
- Napoka Iriak zuzenean grabatuko du taldearen estreinako lan luzea (2011-01-07)
- Japonian kontzertuak emango dituzte Napoka Iria taldekoek (2008-11-06)
- 6 abestiz osatutako maketa atera du 'Napoka Iria' bikoteak (2007-01-16 elgoiBARREN.net)
- Testsuya Sukeyasu: "Odolkiak eta gatzatuak eramango nituzke Japonera" (2008-10-31 elgoiBARREN.net)
- MySpace-en dauden talde eta musikari elgoibartarrak (2008-03-03 elgoiBARREN.net)