Doako ke detektoreak instalatuko ditu Elgoibarko Udalak 80 urtetik gorakoen etxeetan

Barren.eus 2017ko mai. 22a, 13:54

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, 80 urtetik gorako 271 laguni eskainiko dieten suteen kontrako prebentzio zerbitzua jarri dute abian. Adinekoen zein auzokoen segurtasuna bermatzeko helburuarekin, doako ke detektoreak jarriko dituzte ekainetik aurrera.

Aukeratutako etxebizitzek, bihartik aurrera, Udaleko gutun bat jasoko dute, alkateak sinatutakoa, ke detektorearen doako instalakuntza eskainiz. Hortik aurrera, behar bezala identifikatutako teknikari baten bisita jasoko dute eskututza jasoko duten etxebizitzetan. Teknikariak etxebizitzaren krokis bat egingo du, emergentzia kasuan ebakuazioa errazteko eta bizkortzeko baliagarria izan daitekeelakoan. Ke detektagailuaren kokapenik egokiena ere erabakiko du terknikariak, etxearen ezaugarriak kontutan izanda. Etxebizitza normal batean detektagailu bakar bat nahikoa izan daiteke, baina handiagoetan, bi pisuko etxeetan edo baserrietan, esaterako, gailu bat baino gehiago jarriko lituzkete.
Era berean, teknikoa, erabiltzaileen ohituren datuak bilduko dituen zerbitzu sozialetako langile batekin batera bertaratuko da. Era horretan, zerbitzu sozialek bakarrik bizi diren adinekoen "irudi bat" izango dute, eta antzemandako gabeziei aurre egiteko ekintzak martxan jarri ahal izango dituzte.
Bakarrik bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzeko neurriak
Izan ere, hasteko, 80 urtetik gorako 271 pertsonei eskainiko diete suteen kontrako prebentzio zerbitzu berri hau. Elgoibarko alkate Ane Beitiak adierazi duenez, pertsona hauek bakarrik bizi ahal izateko autonomia handia izan arren, erreakzionatzen denbora gehiago behar dutela-eta, "arazo txikiek sute bat jasateko arriskua handitu dezakete". Arrazoi horregatik hartu dituzte bakarrik bizi diren adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko neurriok.
Doako zerbitzua izango dela nabarmendu du Beitiak, Udalak hartuko baitutu bere gain sortuko diren kostuak.

• 85 dezibeliotako alarma
Ke detektagailua jartzeaz arduratuko den Atiempo etxeko Jon Ensunzak azaldu ditu gailuari buruzko xehetasunak. Sabaian, obrarik gabe, jarriko duten "gailu txiki bat" dela azaldu du. Etxebizitzetan sute bat edo neurriz kanpoko kea pilatzen den kasuetan ke detektagailuaren alarma pizten da. Alarmak bolumen oso altuko soinua emititzen du, 85 dezibeliotakoa, hain justu ere. Zarata horrek etxebizitzan bizi diren pertsonak zein auzokoak ohartarazteko helburua du. Itzaltzeko modu bakarra ke kopurua jaistea da, etxeko leiho eta ateak zabalduz. Gailuaren mantenuaz ere Udala arduratuko da eta urtean behin pasako dira teknikoak dena ondo dagoela egiaztatzera. Era honetako ke detektagailuak derrigorrezkoak direla Alemanian eta Frantzian azaldu du Jon Ensunzak. "80 urtetik gorakoekin hasiko gara gu. Kolektibo kaltebera kontsideratzen den talde garrantzitsu hau babestea eta euren ongizatea eta segurtasuna hobetzeko asmoz", azaldu du Ane Beitiak.

ke detektagailua elgoibar udala jon ensunza