Gehiengo sindikalak egin du grebarako deia, elkar hartuta: ELAk, LABek eta Steilasek. Lau lan arlotan: irakasleak, heziketa berezia, sukaldariak eta garbitzaileak, eta Haurreskolak partzuergoa.
Hezkuntza publikoaren egoera "oso larria" da, sindikatuen arabera. Inbertsioa handitzeko eskatu diote Jaurlaritzari, eta botatzeko atzera azken urteetako murrizketak. Honako hauek dituzte eskarien zerrendan: inbertsioa igotzea Europako Batasuneko batez bestekora, behin-behinekotasuna gutxitzea, ikasleen ratioak %10 murriztea, ordezkapenak lehen egunetik betetzea...
Hona hemen greba deialdiak Elgoibarko eta Mendaroko ikastetxe publikoetan izan duen jarraipena:
- Arreiturre Institutuan irakasleen %41ak egin dute bat grebarekin. Joan den martxoaren 22an egin zen lehen greba deialdian irakasleen %78ak egin zuten bat grebarekin. Zentroko arduradunek jakinarazi dutenez, gaur hogei bat ikasle bakarrik azaldu dira zentrora, baina ez dute klaserik izan. Gurasoei eskutitz bidez jakinarazi zieten ezingo zutela ohiko jarduna bermatu. Batxilergoko ikasleak eta irakasleak azterketa sasoian daudela zehaztu dute.
- Elgoibarko Haurreskolan, aurreko bi deialdietan gertatu den moduan, langile guztiek egin dute bat grebarekin, eta gutxieneko zerbitzuak ematen ari dira, legeak agindutakoaren arabera.
- Elgoibarko Herri Eskolan langileen %54ak egin du bat gaurko greba deialdiarekin (%80ak egin zuen greba martxoaren 22ko deialdian). Ohiko jarduna bermatu ezin zutela jakinarazi zieten guraso eta ikasleei, eta ez da jangela zerbitzurik izango.
- IMHn irakasle bakarrak egin du bat greba deialdiarekin, joan den martitzeneko greba deialdian gertatu zen moduan. 45 irakasle inguru daude IMHn.
- Mendaroko Haurreskolan erantzun zabala izan du grebak hiru deialdietan, eta gutxieneko zerbitzuak ematen ari dira.
- Mendaroko Ikastolak bat egin du grebarekin, aurreko bi deialdietan egin zuen modu berean.
- Meka Lanbide Eskolan 15 irakaslek egin dute bat grebarekin. 34 izan ziren joan den martitzeneko deialdian eta 11 lehenengo greba deialdian. Klaustroa osatzen duten 62 ikasleetatik 32 desbinkulatu egin dira eta quorum nahikoa ez zegoenez, irakasle bakoitzak hartu du greba egiteko erabakia.
∞ Lotura duten albisteak: