Partida erabakigarri asko jokatu ditu azken asteetan Haundik, baina huts egin dute jaitsiera postuetatik aldentzeko izan dituzten aukeretan, azkena joan den domekan Irunen, Real Union taldearen aurka jokatu zuten partida galduta. Elgoibartarrek 1-0 galdu zuten.
• Garaipena ez da nahikoa
Martutenek, Ostadarrek eta Aloña Mendik dagoeneko galdu dute maila, matematikoki (ikus sailkapena). Horien aurretik sailkatuta dago Haundi, azken laugarren postuan, 37 punturekin. Denboraldia postu horretan amaituz gero, maila galduko luke, goragoko kategorietan ematen diren emaitzek kontrakorik ez dioten bitartean. Hori luke azken itxaropena. Izan ere, Hirugaren Mailako lehen lau sailkatuek igoera fasea jokatuko dute datorren asteetan, hurrengo denboraldian Bigarren B Mailan jokatu ahal izateko. Haundi lau talde horiei begira egongo da Ohorezko Erregional Mailako azken laugarren sailkatua jaitsiko den ala ez jakiteko.
Egoera horretara ailegatu aurretik, baina, zapatuan Anaitasunari irabazita lortu dezakete salbazioa, betiere Touring-ek eta Beti Gaztek euren partidak galtzen badituzte. Touring-en berdinketak ere balio die elgoibartarrei Anaitasunaren aurka irabazten badute. Bi talde horiek Haundik baino bi puntu gehiago, 39 puntu, dituzte, eta elgoibartarrek moduan etxean jokatuko dituzte ligako azken partidak. Haundiren eta Anaitasunaren arteko partida 17:30ean hasiko da, azken jardunaldiko neurketa guztiak hasiko diren ordu berean.
• Sarrera doan elgoibartarrentzat
C.D. Elgoibarrek ez du talde nagusiak maila galtzerik nahi klubak ehun urte bete dituen urtean. Hori dela-eta, ahalegin berezia egiten ari dira taldeak zaleen babesa senti dezan. Joan den asteburuan doako autobusa antolatu zuten zaleentzat Irunera joateko. Azken jardunaldi honetan ere erraztasunak jarriko dizkiete zaleei eta elgoibartarrek ez dute sarrerarik ordaindu beharko Mintxetan. Azkoititik zale asko espero dituzte, 300 bat lagun izan daitezkeela aipatzen da, eta horiei kobratuko diete sarrera. Harmailak girotzeko behe mailetako jokalarientzako bazkaria ere antolatu du C.D Elgoibarrek. Kalegoen plazan bazkalduko dute jubenil mailara arteko futbolari gaztetxoek, eta denak batera igoko dira partida ordurako Mintxetara.
• Anaitasunarentzat neurketa erabakigarria
C. D. Anaitasunak igoera eta txapelketa irabaztea izango ditu jokoan Mintxetan. Berriz ere Elgoibar izango dute aurkari Hirugarren Mailara igo aurreko azken jardunaldian. Izan ere, 2011-12 denboraldian, Anaitasuna Hirugarren Mailari azkenekoz igo zen denboraldian, elgoibartarrak izan zituzten aurkari denboraldiko ondar partidan. Ordukoan, berdinketa nahikoa izan zuten gorrixek mailaz igotzeko. Zapaturako Azkoititik Elgoibarrera joateko ez, baina handik itzultzeko autobusak jarriko ditu Anaitasunak.