Aspaldian ez bezalako giroa egon da gaur Mintxetan Haundi eta Anaitasunaren arteko neurketan. Jendetza etorri da Azkoititik gorrixek animatzera, igoera baitzuten jokoan, eta lortu dute euren helburua, gaur eskuratu dituzten hiru puntuei esker lidergoan amaitu dute txapelketa eta Hirugarren Mailan arituko dira datorren denboraldian. C.D. Elgoibarrek ere batu ditu zaleak Mintxetako harmailetan, klubeko jokalari guztientzat bazkaria antolatu baitu Kalegoen Plazan, eta denak batera igo dira Mintxetara. Gainera, gaur ez die sarrerarik kobratu zale elgoibartarrei.
Lehen zatian sartu dituzte bi golak azkoitiarrek. Ander Arabaolazak sartu du lehen gola, 16. minutuan, eta Mikel Aramendik bigarrena, 39. minutuan. Bigarren zatian Haundik izan ditu aukerarik garbienak, baina ez dute golik sartzen asmatu.
• Hirugarren Mailako kanporaketei begira
Honenbestez, Ohorezko Erregional Ligako azken laugarren postuan sailkatu da Haundi, 37 punturekin (ikus sailkapena). Azken hirurek zuzenean galdu dute maila eta Haundik Hirugarren Mailako igoera kanporaketetan eman daitezkeen emaitzetan du azken itxaropena. Izan ere, Hirugaren Mailako lehen sailkatuek igoera fasea jokatuko dute datorren asteetan, hurrengo denboraldian Bigarren B Mailan jokatu ahal izateko. Bi euskal taldek igoera lortuko balute, Haundi ez litzateke jaitsiko. Tamalez, estatistikak aurka ditu Haundik, oso gutxitan lortu baitute bi euskal taldek, denboraldi berean, Bigarren B Mailara igotzea.