Aritz Iriondo 18 urteko arbitro elgoibartarrak Mendaroko ospitalean pasa duela gaua azaldu dute Bailarako Futbol 7 Txapelketako antolatzaileek, Eibarko eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuek. "Eskanerra egin ostean, badirudi dituen zauriak arinak direla. Atzo eta gaur arbitroaren familiarekin berba egin dugu, goizean ospitaletik pasa gara eta seguruenik gaur bertan bueltatuko da etxera", zehaztu dute.
• Sobras Crew taldea kanporatua
Sobras Crew eta La Roita taldeek Eibarko Unbe futbol zelaian jokatu zuten partidan gertatu zen arbitroaren aurkako erasoa, atzo arratsaldean. Sobras Crew taldeko jokalari bati txartel gorria atera zion epaile lanetan ari zen Aritz Iriondok. Jokalariak ez zuen ondo hartu erabakia eta txartela lurrera bota zion. Lurretik txartela hartzeko makurtu zen unean aurpegian ostikada bat eman zion jokalariak epaileari, eta honek konortea galdu zuen kolpe bortitzaren ondorioz.
Antolatzaileek Sobras Crew taldea txapelketatik kanporatu zuten atzo bertan. Era berean, beste ezer erabaki baino lehenago zortzi taldek txapelketa lagatzea erabaki dutela adierazi diete e-postabidez antolatzaileei.
Txapelketan parte hartzen diharduten taldeetako ordezkariekin bilduko dira antolatzaileak barixakuan, 19:00etan, Ipuruako kiroldegian. Egoera aztertzeko bilera izango dela jakinarazi dute eta han hartuko dituztela "hartu beharreko erabakiak".
• Gaurko jardunaldia bertan behera
Gaurko aurreikusita zegoen jardunaldia ez da jokatuko, Aritz Iriondo arbitroari elkartasuna adierazteko asmoz eta erasoa gaitzezteko. "Futbol 7 Txapelketa honek hogei urteko historia dauka eta inoiz ez dugu izan arazo larririk, kiroltasuna izan da nagusi, eta ez genuke nahi pertsona baten jarrera desegokiagatik txapelketa desagertzea".
Mintxetan eta Unben jokatzen da Bailarako Futbol 7 Txapelketa, baina Mintxetako belar artifiziala aldatzeko lanak direla-eta, Eibarko Unben bakarrik jokatuko da aurtengoa.