Abendu amaieran kargutik kendu zuten Iker Dorronsoro ordezkatu zuen Cristian Matias Levis-ek urtarrilean. C.D. Elgoibarrek gaur ezagutarazi duenez, Haundiko entrenatzaile izateari laga dio Mar de Platako argentinarrak. Klubak datorren astean esango du zein izango den entrenatzaile berria, Haundik mailari eutsiko dion argitu ostean. Izan ere, azken laugarren postuan sailkatuta amaitu du Haundik liga txapelketa, Ohorezko Erregional mailan, eta asteburu honetan argituko da mailari eusten dion ala ez. Hiru euskal talde ari dira Bigarren B Mailarako igoera faseko azken kanporaketa jokatzen (Beasain, Alaves B eta C.D. Vitoria). Horietako bik igoera lortuz gero, eutsiko lioke mailari Haundik. Joaneko neurketetan, Beasainek binako berdinketa lortu zuen etxean Gijongo Sporting B taldearen aurka. Vitoriak 1-0 irabazi zion Atletico Astorgari Gasteizen eta Alaves B taldeak 3-0eko emaitzari buelta eman beharko dio etxean Ontinyent taldearen jokatuko duen itzulerako partidan.
• Batzar nagusia ekainaren 29an
C.D. Elgoibarrek urteko batzar nagusia egingo du ekainaren 29an, eguena, Kultur Etxeko hitzaldi gelan (19:00). Besteak beste, urteko balantze ekonomikoa eta kirol balantzea aurkeztuko ditu Antton Iranzo presidenteak gidatzen duen zuzendaritzak eta zuzendaritza barruko aldakekak ere sartu dituzte gai ordenean.
Aurrez, baina, futbol denboraldiari amaiera emateko paella jana egingo du C.D Elgoibarrek zapatu honetan, ekainaren 24an, Maalako parkean.