Udako oporraldirako haurrentzako eta nerabeentzako kirol eta aisia eskaintza aurkeztu du Elgoibarko Udalak, herriko haur eta nerabe guztien aisiarako "aukera berdintasuna" bermatzeko helburuarekin, udal arduradunen esanetan.
Haurrentzako eskaintza ekainaren 26tik uztailaren 21era bitartean gauzatuko da; adin tarte desberdinei zuzendutako lau programen bidez: Apariketan, Firin Faran, Abixadan eta Aldenik Alden. Bigarren urtez, Udalak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak haurrentzako udako aisia eskaintza bakarra eskainiko dute.
Kirol Campusa ere astelehen honetan, ekainaren 26an, hasiko da. Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak antolatutako campusean 6 eta 13 urte bitarteko 220 haur eta nerabek parte hartuko dute.
• Nerabeentzako aisia eskaintza
Nerabeentzako aisia programa, 13 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa, Gaztelekutik antolatu da. Adin desberdinetako nerabeei egokitutako eskaintza dela nabarmendu dute, adin tarte bakoitzarentzat ekintza eta irteera desberdinak antolatuz.
- Askizun egonaldia (DBH 1-2). Uztailak 11-14
- Tarragonan egonaldia (DBH 3-4). Uztailak 3-7
- Irteera Arcachoneko Aqualandera. Ekainak 29
Tarragonara edo eta Askizura joan nahi dutenek oraindik izena eman dezakete Gaztelekuan. Egonaldi eta irteerez gain, ekintzez beteriko bestelako egitaraua ere prestatu dute. Aipagarrienak, beste batzuen artean: tailerrak, jaiak, afariak, irteera hondartzara, etab. Eskaintza ekainaren 19a eta uztailaren 14a bitartean gauzatuko da.
• Ikasgela ibiltaria
Uztailaren 5erako antolatu duten Kultura Digital@ren ikasgela ibiltaria ekimena izango da aurtengo berrikuntzetako bat. Autobus bat egongo da Kalebarren plazan eta autobusaren barruan egongo diren ordenagailuetan bideojokoak programatzen edota webgune bat sortzen ikasteko aukera izango dute herriko gaztetxoek. 8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago eta 45 minutuko ikastaroak eskainiko dizkiete, debalde. Egun osoan egongo da autobusa Elgoibarren. Informazio osoagoa: www.gipuzkoangazte.eus
• Udalaren diru-laguntzak
Elgoibarko Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, haurrek eta nerabeek aisiarako duten eskubidean oinarrituta, guztien parte hartzea bermatzeko diru-laguntzak eskainiko ditu. Izan ere, Elgoibarko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailak eta Gizarte Ongizateko Sailak elkarlanean diru-laguntza hauek kudeatzeko planteamendua landu dute. Honetarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren irizpideak eta Ludoteka zerbitzuan Udalak aplikatzen dituen irizpideak izan dituzte kontutan.
Honakoak izan dira onurak:
- Familia ugariek %30eko deskontua izan dute.
- Familia ugaria izan gabe, bigarren seme-alabak parte hartzeagatik, honen kuotaren gainean %30eko deskontua aplikatu da.
- Gizarte izaerako laguntzen (DSBL, DBE, GLL) onuradunek %70eko deskontua izan dute.
Haurrentzako udako aisiari dagokionez, guztira 90 familia izan dira onuradunak eta honek 5.000 euroko kostua suposatu dio Udalari. Ane Beitia alkatearen berbetan, “dirulaguntza hauek ezinbestekoak izan dira, orain artean zailtasun ekonomikoak zirela eta, parte hartu ezin izan duten haurrek izena eman dezaten eta parte hartuko duten haurren perfila askoz anitzagoa izatea lortu da”.
Bestalde, Arrisku egoeran egon litezken haurrentzat, Gizarte Ongizateko, eskuhartzea duten haurrentzat hain zuzen ere, plazen % 5-a gorde da programa bakoitzean eta txanda bakoitzean.
Elgoibarko haur guztien parte hartzeko eskubidea bermatzeko helburuarekin, Gizarte Ongizate Sailetik, hezkuntza premia bereziak dituzten haurrentzako errefortzuzko hezitzaileen kontratazioa bultzatu da. Hala, Elgoibarko Udalak, haur hauei arreta emateko 10.000 euroko inbertsioa egin du zazpi hezitzaile espezializaturen kontratazioan.