URA agentziako ur-ikuskariak aparrak agertu ziren Deba ibaiko zatira gerturatu zirela, "beste behin ere", azaldu du Uraren Euskal Agentziak, prentsa ohar bidez. "Badaezpada, arroko isurketa titular nagusiei jakinarazi zaie berriro ere aparrak agertu direla, eta gorabeherarik egon ote izan den galdetu. Baina, jakinarazi dutenez, ez da aparteko gertakaririk antzeman", dio URA agentziak.
Ur azalean ikus zitezkeen apar zuriak nondik datozen ez dakite oraindik, Altzolako presatik ibaian behera sortzen direla, eta metro batzuk beherago metatzen direla bakarrik. "Ibai morfologiak berak urak geldiarazten ditu eremu horretan. Aparrok ibilguaren metro jakin batzuetan ematen dira, eta metro batzuk beheraxeago desagertu. Tarte horretan, bestalde, ur-emariak ez du indar askorik", zehaztu dute.
Halaber, URA agentziak hainbat lagin hartu izan ditu, baina analisien emaitzek ez dute apar horiek sor ditzaketen kutsadura-iturririk antzeman. Behin baino gehiagotan errepikatu direla-eta, lagin batzuk AZTIra ere bidali dituzte, bertan aparrak sor zitzaketen mikrooganismorik antzeman zitezkeelakoan. Emaitzek, baina, ez dutela "aparteko" egoerarik islatu diote.
Apar horien iturria ezagutu ez arren, azken egun hauetan antzerako gertakariak sortu izan dituzten baldintzak izan direla nabarmendu dute URAko adituek: hala nola, uraren temperatura altu samarra (22,1ºC), emari txikia…
Era berean, halako aparrik edota ibaian isurketarik antzemandakoan, 112ra ahalik eta azkarren deitzeko eskatu dute.