Eguraldi nahasiarekin jokatuko da gaurko Nahaste Borrastea. Aterri zela hasi da proba, baina lehen txirrindulariak plazara ailegatzen hasi direnean jausi dira lehen euri tantak eta zorua irristakor eta arriskutsu gelditu da. Bizikletako zazpi kilometroak egin ostean, Iñigo Lariz ailegatu da lehen postuan Kalegoen plazara, Hasier Murua orpoz orpo zuela. Ia elkarrekin hasi dute 25 kiloko zakua bizkarrean egin beharreko zatia. San Bartolome eta Errosario kaleetan barrena zakua eraman dutenean, baina, Hasier Muruak aurrea hartu dio Larizi eta lehenago bukatu du zakuaren proba. Muruak Lariz estu har zezakeela zirudien arren, antxitxikako azken proban bere legea ezarri du Larizek. Eskarmentu handia du proba honetan eta indarrak ondo neurtzen dakiela erakutsi du. Hamazazpi minutu eta 57 segunduan osatu du proba. Iaz ezarri zuen errekorretik 23 segundura gelditu da, baina gaurko baldintzak ez ziren errekorra ontzeko egokienak, eta hala eta guztiz ere ez du denbora txarra egin. Murua Larizengandik 39 segundura ailegatu da helmugara (18:36). Ander Ariznabarreta gazteak egin du hirugarren (19:11). Emakumezkoetan, proba honetan lortzen duen hamaikagarren garaipena eskuratu du Ainhoa Lendinezek (20:59). Honek ere ezin izan du 2011n ezarri zuen errekorra (19:55) ondu. Gazteenari Saria Iker Odriak (21:36) jaso du eta Iñaki Ulazia (22:28) izan da azkarrena beteranoetan.
Guztira 37 lagunek parte hartu dute Kimetz elkarteak antolatzen duen triatloi berezian.
• Jose Gurrutxaga gogoan
Antolatzaileek iaz zendu zen Jose Gurrutxaga gogoan izan dute sari banaketan. Kimetz elkarteko presidente Jose Luis Bollarrek oroigarria eman dio Jose Gurrutxagaren seme Juanjori. "Bere nortasun eta irrifarrearekin kirolarien ikurra izan delako omendu dugu Jose Gurrutxaga", azaldu dute Kimetzekoek.
• Nahaste Borrasteko palmaresa
Nahaste Borraste proba 1947an jokatu zuten estreinakoz eta Jose Garitagoitia "Basueta" izan zen aurreneko irabazlea. 1948an ez zuten proba jokatu eta 1949koan Felix Etxeberria "Parapan" gailendu zen. Etenaldi luzea izan zuen gero probak, harik eta 1988. urtean Kimetz elkarteak berreskuratu zuen arte. Javier Alonso Basalok irabazi zuen urte hartan. Martin Domingezek 1993an irabazi zuen bere aurreneko Nahaste Borrastea. Gero, beste bost alditan izan zen azkarrena (1996, 1997, 2000, 2003, 2004). Dominguez izan zen sasoi hartan probako dominatzaile nagusia, David Conderekin batera, -lau irabazi zituen Condek (1994, 2002, 2006, 2009)-. Sigmako bi kirolarien ostean etorri zen Iñigo Larizen nagusigoa. Larizek 2008an irabazi zuen estreinakoz proba. Hurrengo hiru garaipenak errenkadan lortu zituen, 2010etik 2012ra bitartean. Azken hrurak ere jarraian lortu ditu: 2015ekoa, 2016koa eta aurtengoa azkena, 2017koa. Javier Alonso Basalok (1988, 1990), Alberto Zelaiak (1989, 1991), Jose Felix Iglesiasek (1995, 2005) eta Jose Antonio Ruizek (2007, 2013) birritan irabazi dute Nahaste Borraste.
Emakumeei dagokionez, 2005. urteko ediziora arte ez zuen emakume bakar batek ere parte hartu. Lehen urte hartan Ainhoa Lendinez gailendu zen, eta harrezkero bera izan da dominatzaile nagusia. Gaurkoarekin hamaika aldiz irabazib du Lendinezek (2005, 2007, 2008, 2010, 2011, 2012, 2013, 2014, 2015, 2016 eta 2017)