Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Heziketa Bereziko ikasle eta irakasleen sentsibilizaziorako heziketa kanpaina da Ikasgela Ibiltaria. Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen kanpaina honen helburua programazioaren ikaskuntzaren bitartez lehen adinetan (8-16 urte) dauden haur eta gazteen artean teknologien erabilera egokia eta sortzailea bultzatzea, eta teknologiaren aldeko jakin-mina eta bokazioa sustatzea da. Gainera, pertsona ezinduen behar eta premietara ere egokitua da Ikasgela Ibiltaria, haien irisgarritasuna eta jarduneko parte hartzea erraztuko dituen aldetik.
Autobusaren barruan antolatuko dira taldeen bisitaldiak, eta Kode Eskolak zuzenduko ditu programazio tailerrak: 45 bat minutu iraungo dute eta guztiz doakoak izango dira.
• Kalebarren plazan, goiz eta arratsaldez
Elgoibarren goizeko eta arratsaldeko megitaraua eskainiko du autobusak. Kalebarren plazan egongo da, 10:00etatik aurrera. Hona hemen tailer bakoitzaren edukiak (PDF). Goizez umeen txanda izango da, bai Elgoibarko Udalak eskaintzen duen aisi eta kirol programan parte hartzen duten umeena, baita tailerretan parte hartu nahi duen beste edozein umeena ere; eta arratsaldez, aldiz, nerabeen txanda, bai Gaztelekukoena, baita parte hartu nahi duen beste edozein nerabeena ere.
Honako egitaraua eskainiko dute:
- 10:00etan, Programatu I
- 11:00etan, Scratch ezagutu
- 12:00etan, Bideo-jokoak sortu
- 13:00etan, Programatu ordenagailurik gabe
- 16:00etan, Programatu ordenagailurik gabe
- 17:00etan, Bideo-jokoak sortu
- 18:00etan, Webguneak programatu
- 19:00etan, Programatu II
Talde baten orduaren erreserba egiteko edota izen-emate prozesuan laguntza jasotzeko, 943 000 333 telefonora deitu edo info@kode-eskola.eus posta-elektronikora idatzi behar da.