Euskararen arrastoak

Lander Aranberri 2017ko uzt. 6a, 12:21

Euskaldunen eta bertako indigenen arteko harremanaren berri ematen dute toponimiak eta hizkuntzaren arrastoek ere. Ciriquiain Gaiztarroren liburua aztertzen ari nintzela izan nuen Argia aldizkarian Reyes Ilintxetak Iratxe Anduezari egindako elkarrizketa interesgarria irakurtzeko aukera eta harira datozen jakingarriak jaso nituen.

angel ugarteburu iratxe anduezaQuébec city-ko Laval unibertsitatean ikasten ari den Iratxe Andueza nafarrari egindako elkarrizketa batetik jasoak dira hemen jasotzen ditudan hainbat datu. (Argia, 2.540 zenbakia).
1342. urtekoa omen da uraz handiko lur horien lehen aipamen idatzia eta Donibane Lohitzuneko 1372ko agiri batek, euskaldunen eta itsasoz beste aldekoen arteko harremanez hitz egiten omen du. 1517ko beste dokumentu batek ere aipatzen ditu euskaldunak, lur haietaz hitz egitean. Mendeetan zehar euskaldunek hango biztanleekin harremanak izan zituztela adierazten dute han eta hemen aurki daitezkeen aipu horiek.

• Arrastoa leku izenetan eta toponimian
Haien hizkuntzan ere arrastoa utzi dute urte eta mendeetako harreman horiek, leku izenetan edo toponimian utzi duten bezala. Pasaiako Albaola proiektuaren harira, badakigu, Jon Maia zumaiarrari eta harekin batera horretan ibili ziren eta dabiltzanei esker, hango jendeari – How are you? galdetuz gero – Apaizak hobeto, entzun daitekeela. Lope de Isasti izan zen bere Compendio historial-ean anekdota hori jaso zuena eta harrezkero hainbestetan errepikatu dena. Baina hori anekdota soil bat baino gehiago da Iratxek adierazten digunez; izan ere, adeiskidex, ania (anaia), kessona (gizona), makia (makila), orignac (oreinak), chabaya (salbaia), endia (handia), pilotoua, echpata, carcaria (irri-karkara), elege (errege) moduko hitzek, euskara eta algonkinoen arteko pidgin edo elkar ulertzeko hizkera amankomuna sortu zela adierazten dute.

• Terranova izenaren jatorria
Pierre Detxeberri lohitzundarrak itzulitako Nabigazioneko liburuan irakur daitezkeen toponimoetan euskal jatorriko leku-izen asko aurki daitezke eta, hark hango berri euskarazko portu horien izenekin ematen duenerako, argi dago horrela ezagutzen zituztela itsasgizonek herri horien erreferentziak. Lehenagotik hala jarritako izenak zirela, alegia, eta euskal arrantzaleek jarriak, gainera. Terranova izena italiarra dela dirudi, ez baitzen alferrik handik ibili Giovanni Caboto Veneziarra, ingelesen zerbitzura. Portugaldarrak ere ibili ziren handik, ordea. Haien hizkuntzatik eratorria izango da, ziurrenik, Ternu(b)a (Terra nua). Frantziarrek Terre Neuve, noski. Dena den, ingelesen Newfoundland izena gailendu da azkenerako, haien agintepean geratu baitzen azkenean 1762an; izan ere, 1583an Gilbert Humphrey-k Terranova erreginarentzat konkistatu bazuen ere, 1762ra arte iraun zuen Frantziak eta Ingalaterrak irlaren jabetzaz izan zuten eztabaidak eta borrokak. 1949an Kanadarekin batu arte bere baitakoa izan zen hango gobernua, ingelesen babespean bazen ere.

• Menperatzaileen hizkuntzak jatorrizko izena itxuraldatu
Terranovako hiriburua, lehen frantziarrek Saint Jean deitua eta gero ingelesek S. Jhon´s harbour, San Juan omen zen hasieran, Pasai Donibanekoek sortua nonbait. Donibane Lohitzunekoek besterik esango dute, ziurrenik. Placentia izenarekin ezagun dena Plentziakoek sortua omen. Portutxo izenekoa frantziarrek Port au choix bihurtu zuten eta hala gertatzen da beste kasu batzuetan ere, menperatzaileen hizkuntzak jatorrizko izena itxuraldatzen duenean. Terranovako mendebaldean dago Oporportu ere, frantziarrek, euren hizkuntzara egokitu eta Port-au-Port deituz, betiko bataiatu zutena. Euskal Herrian bertan ere adibide ugarik erakusten dute kanpoko hizkuntzaren eraginez aldatzen direla hainbat herri eta lekuren izenak, jatorriko hizkuntzaren forma aldatuz eta hizkuntza berriaren formaz jantzita: La Reineta, Trucios, Las barrietas, Larraineta, Iturrioz eta Olabarrieta behar luketenak, Bizkaiko mendebaldean.

∞ Aurreko sarrerak:

  1. Ternua-Newfoundland
  2. Balea: fantasia eta errealitatea
  3. Euskal itsasgizonak baleen atzetik

Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)

angel ugarteburu mapwhal huntinggrounds 1592

angel ugarteburu St. Johns Newfoundland and Labrador Canada