Markel Bergara Getaferekin fitxatzetik gertu dago, eta ez du Realarekin Mintxetan jokatuko

Barren.eus 2017ko uzt. 15a, 15:13

Realak aurredenboraldiko estreinako lagunartekoa jokatuko du gaur Mintxetan, CD Elgoibarren aurka. Realak jakinarazi duen deialditik kanpo gelditu da talde txuri urdineko jokalari elgoibartar bakarra: Markel Bergara. Izan ere, Getafe taldeak fitxatu nahi du Bergara.

Lehen Mailara igo berri den Getafe C.F. futbol talde madrildarreko presidente Angel Torresek adierazi du akordio batera ailegatu direla Markel Bergara (Elgoibar, 1986) fitxatzeko. Era berean, Realeko presidente Jokin Aperribayk ere Getaferekin fitxatzetik gertu dagoela erdilari elgoibartarra baieztatu zuen Adnan Januzaj fitxaketa berria aurkezteko prentsaurrekoan. Eta, Markel Bergara berak ere ez du ezkutatu Getafe taldearen eskaintza duenik, ez eta "ilusioa" egiten dionik ere, Mundo Deportivo kirol egunkariari eskaini dion elkarrizketan adierazi duen moduan.
Bergarak 2019ra arte zuen kontratua Realarekin, baina Eusebio entrenatzailearen planetan sartzen ez dela ikusita, begi onez ikusiko luke bere "betiko" taldea den Reala lagatzea.
C.D. Elgoibarren mendeurrena ospatzeko Haundik eta Realak Mintxetan jokatuko duten partida jokatzeko ilusio berezia zuen Markel Bergarak, baina, taldetik irteteko zorian egon daitekeela-eta, Eusebio Sacristan entrenatzaileak ez du elgoibartarra deialdian sartu.

  • Deialdia ondorengoa da: T. Ramirez, Sisniega, Gorosabel, Ujia, Aritz, Raúl Navas, Llorente, Ugarte, Rodrigues, Arrieta, Zurutuza, R. Pardo, Zubeldia, Sangalli, Guevara, X. Prieto, Canales, D. Concha, Capilla, Merquelanz, Juanmi eta Bautista.

Neurketa 18:00tan hasiko da Mintxetan.
• 11 urte zituenetik Realean
Markel Bergara Realaren harrobian hasi zen futbolean jokatzen, 11 urterekin, eta, 2003-2004 denboraldian ailegatu zen Real Sociedad B taldera. 55 partida jokatu ostean, 2005-2006 denboraldia Eibarren jokatu zuen, Bigarren Mailan, eta 2006-2007 denboraldia Kanarietako Vecindario taldean eman zuen. 2007an berriro itzuli zen Donostiara eta Realeko lehen taldean debuta egin zuen, Bigarren Mailan. Lehen Mailan debuta 2010eko irailaren 13an egin zuen Realak Almeriaren aurka jokatu zuen partidan.
Taldeak berak erdilari elgoibartarra "pisu astun" bat dela aitortzen du Realaren webgunean, "Zelaiaren barruan zein kanpoan ematen duenagatik. ‘Made in’ Gipuzkoa. Kilometroak eta kilometroak egiten ditu, dagokionean bare, eta zaleak pizten ditu bere irabazle izaerarekin. Talde batek horrelako erdiko erdilariak behar ditu. Eginkizun nagusia, kideei laguntzea. Elkartasun pertsonifikatua".

Azken denboraldian lesionatuta egon zen hainbat hilabetez eta sei partida bakarrik jokatu zituen Realarekin. Orotara 205 partida jokatu ditu Donostiako taldearekin, horietako 146 Lehen mailan.

markel bergara real elgoibar