Berritasun ugarik bat egin dute Haundik eta Realak Mintxetan jokatu duten partidan. Denboraldiko estreinako partida izan da bi taldeentzat, aurten Europan lehiatuko den Realak orain zortzi egun eskas hasi baitzituen entrenamenduak. Donostiako taldeak kamiseta berria ez ezik bidaiatzeko erabiliko duten autobusa ere estreinatu ditu gaur Elgoibarren. Elgoibartarren artean ere izan da berrikuntzarik. Omar Aizpuru entrenatzaileak gaur egin du debuta etxekoen aulkitxoan eta oraintsu agintea hartu duen Jon Basurto presidentearentzat ere aurreneko konpromisoa izan da.
Eusebio Sacristan Realeko entrenatzaileak jokalari gazteak ekarri ditu gaur Elgoibarrera, Xabi Prieto edo Zurutuza moduko jokalari beteranoekin batera. Oraintsu fitxatu duten Diego Llorente atzelariak ere Elgoibarren egin du debuta Realarekin. Bigarren zatia jokatu du Real Madrileko jokalari ohiak. Jokatu ez duten arren, William Jose, Asier Illarramendi edo Rulli atezaina Mintxetan izan dira, eta baita Markel Bergara elgoibartarra ere. Madrilgo Getafe taldeak fitxatu nahi du erdilari elgoibartarra eta Reala lagatzeko zorian egon daitekeelako gelditu da Elgoibarren jokatzeke. Harmailetan egon da Bergara, eta eskuak bete lan izan ditu zaleei sinadurak banatzen eta haiekin argazkiak ateratzen.
Partidari dagokionez, Haundik ondo eutsi dio partidari lehen orduerdian. Lehen gola bere atean sartu du atzelari elgoibartar batek, eta 0-1 ailegatu dira atsedenaldira. Bigarren zatian agerian gelditu da bi taldeen artean dagoen aldea eta lau gol gehiago sartu ditu Realak. Hiruzpalau gol gehiago sartzeko aukerak ere izan ditu, baina Haundiko atezainak eragotzi du, gelditu apartak eta ikusgarriak eginez. Txalo zaparrada bikainak jaso ditu.
•Presidente ohiei omenaldia
Partida hasi baino ordulaurden lehenago C.D. Elgoibarreko presidente ohiei errekonozimendu ekitaldia egin dute berdegunearen erdian (ikus argazkia). Presidente izandako 50 lagun omendu ditu klubak. Era berean, partida hasi aurretik aste honetan zendu den Jose Gabiola elgoibartarra ere izan dute gogoan. Realean jokatu zuen Gabiolak 59-60 denboralditik 62-63arte bitartean. Gabiolaren senideei lore sorta opaitu diete Realeko presidente Jokin Aperribayk eta C.D. Elgoibarreko presidente Jon basurtok (ikus argazkia). Gero, minutu batekom isilunea egin dute.
Partidaren atsedenaldian, berriz, Ricardo Garate zena omendu dute (ikus argazkia), bera izan zelako mendeurreneko hainbat ekintzaren sustatzailea, horien artean gaur Mintxetan jokatu duten partida.