Elgoibarko Udalak suteen kontrako prebentzio zerbitzua jarri zuen abian ekainean. Adinekoen zein auzokoen segurtasuna bermatzeko helburuarekin, doako 214 ke detektoreak jarri dituzte 80 urtetik gorako lagunak bizi diren Elgoibarko 196 etxebizitzatan. Etxebizitza batzuetan, handienetan, gailu bat baino gehiago jarri dituzte. 263 etxebizitzetako su arriskuak aztertu eta gero, horien %74,5eko kobertura lortu dutela zehaztu du Udalak. Era berean, gailuak jartzeko bisitatu dituzten etxebizitzen inguruko zenbait datu jakinarazi dituzte:
- Hartzaileak: 263 (%100)
- Onuradunak: 196 (%74,5)
- Etxebizitza / Bizileku aldaketak: 34 (%13)
- Ez interesatuak: 25 (%9,5)
- Hildakoak: 7 (%2,6)
- Lokalizatu gabeak: 1 (%0,4)
Elgoibarko alkate Ane Beitiak azpimarratu duenez, Udalaren helburu nagusietako bat bizilagun guztien ongizatea bermatzea da. Hala, Beitiaren arabera, kolektiboen beharrak desberdinak izan arren, guztiak dira garrantzitsuak gobernu-taldearentzat eta elgoibartar guztien bizi-kalitatea hobetzeko lanean dihardutela nabarmendu du. “Gure adinekoen segurtasuna, beraien ongizatea, lehentasun bat da guretzat. Adi egongo gara kolektibo honen beharrizanak gehiago ezagutu eta soluzioak proposatzeko”.
Detektagailuak instalatzeko eta mantentzeko ardura duen Atiempo enpresako arduraduna den Jon Ensunzaren esanetan, bizitzak salbatzeko egiten den inbertsio txiki bezain garrantzitsua da ke detektagailuak jartzearena. "Suteak eta ke toxikoak prebenituz, adineko pertsona hauen eta beraien familien zein inguruko bizilagunen segurtasuna eta lasaitasuna bermatu nahi dugu”, azaldu du.
Udal agintariek aurreratu dutenez, hurrengo urteetan ere Udalak kanpainarekin jarraitzeko asmoa dauka, "gure nagusiei segurtasun gehiago bermatzeko xedearekin”.
Dispositiboari dagokionez, sabaian, obrarik gabe, jartzen den gailu txiki bat da, etxebizitzan sute edota ke pilaketa kasuan, alarma gisa jokatzen duena. Alarmak bolumen oso altuko soinua emititzen du, 85 dezibeliotakoa, hain justu ere. Zarata horrek etxebizitzan bizi diren pertsonak zein auzokoak ohartarazteko helburua du. Itzaltzeko modu bakarra ke kopurua jaistea da, etxeko leiho eta ateak zabalduz.