Irailaren 22 eta 23a ere Frankismoaren biktimak oroitzeko egunak izango dira Elgoibarren. Irailaren 22an, 'ELE!! Lorca-Lauaxeta' ikuskizuna ikusteko aukera izango da. Jon Maia bertsolariak eta Josu Kamara zuzendariak sortutako obra da, eta Maia bera agertokian azaltzen da. Estepan Urkiaga 'Lauaxeta' eta Federico Garcia Lorca idazleak hartu dituzte oinarri Jon Maiak eta Josu Kamarak. Dantza, musika, testua eta irudiak uztartzen ditu emanaldiak. Irailaren 23rako, berriz, ekitaldia antolatu dute Duintasunaren Kolunbarioan.