Ludotekaren eta Gaztelekuaren 10. urtemuga ospatzeko jaia antolatu du Elgoibarko Udalak, Inazio Bereziartua Musika Eskola, Elgoibarko Izarra eta Biraka Dantza taldearekin elkarlanean. Barixakuan, irailaren 8an, izango da Maalako parkean. Ikuskizuna 20:00etan hasiko da eta ordu eta erdiko iraupena izango du.
• Musika eskolako txaranga
Aurrez, baina, arratsaldea girotzen joateko helburuarekin, Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako txarangaren kalejira egongo da. 19:30ean, Kalegoen plazatik hasita, Maalarantz abiatuko dira parte hartzaileak, kalejiran. Duela hiru urte sortu zuten Talde honen helburua da herriko musikari gazteei txaranga batean jotzeko aukera eskaintzea, ikasleei ohiko txarangetan jotzen diren kantuak ezagutzeko aukera eskaintzea eta etorkizun batean, herriko Mauxitxa txarangan edo besteren batean jo ahal izateko ezagutza eskaintzea. Aitor Novaren gidaritzapean, 11-19 urte bitarteko 15 lagunek osatzen dute taldea.
• Birakaren dantza ikuskizuna
Txarangaren kalejira Maalako parkera iristean beste abesti gutxi batzuk jo eta Biraka Dantza taldearen ikuskizuna hasiko da. Hainbat abesti ezagun dantzatzeko aukera izango da. Biraka Dantza Elkarteak 2003tik dihardu Elgoibarren dantza ikasketak eskaintzen, arlo klasikoan zein garaikidean. Elkartea ikasleek gero eta dantza maila handiagoa lortzeko eta honek dakarren onurak lantzeko helburuarekin jaio zen. Lau urtetik hasita, adin ezberdinetako 200 ikasle inguruk dihardute Eva Pequerul eta Josu Mujikaren eskuetan dagoen talde honetan.
• Huntza taldearen emanaldia
Azken aldian sona handia hartu duen Huntza taldearen kontzertua hasiko da gero. Huntza 2014an Bilboko kaleetan sortutako musika taldea da. Unibertsitate giroan elkartutako sei gaztek osatzen dute eta beraien helburua, sortzen duten musika Euskal Herri osora zabaltzea da. Bilbon sortutako taldea den arren, taldekide guztiak gipuzkoarrak dira: Josune Arakistain Salas (trikitilari eta ahotsa), Uxue Amonarriz Zubiondo (pandero jole eta ahotsa), Aitor Huizi Izagirre (biolin jolea), Aitzol eta Inhar Eskisabel Ruiz anaiak (gitarra eta baxua, hurrenez hurren), Peru Altube Kazalis (bateria).