Kilian Jornet helmugara iristear zen, 19 orduan Mont Blanc handiari bira eman ostean. Arkuaren eskuineko bazter batean nengoen ni, Kilian zuzenean ikusi nahi eta ezinik, kamerez eta mugikorrez inguratuta. Handia egin dute. Baina Kilianek berak askotan esan izan du, berak ez diola aparteko ekarpenik egiten gizarteari, ez behintzat irakasle batek edo sendagile batek egin dezakeen tamainan. Handiagoak dira hitz horiek, Mont Blanci 19 orduan bira ematea baino. Ametsak besteren lorpenekin bete nahi dituen jendea ere ikusten dut argazki horretan. Kilianek ez du irabazi, zelako pena! Pena? Zergatik? Lehenengo iritsi ez delako? Bigarren egin duelako? Lagun batek Kilianen denboraren bikoitza behar izan du Mont Blanci bira emateko, eta hura bezain garaile sartu da helmugan, 40 orduren ostean.
Eta ni neu ere aritu naiz Mendi Zuriaren magaletan egunotan, erlojuaren kontra. Izugarri sufritu dut: inoiz ez bezalako nekearengatik hasieran, inoiz ez bezalako hotzarengatik ondoren. Baina lagunek bultzatuta iritsi naiz helmugara: ez lehenengo, ez bigarren. Hogeitik gora baziren nire aurretik iritsitakoak. Eta inoiz baino gehiago gozatu dut. Ikasgai handia izan da Mont Blanceko ultra-traila, aurten. Arropa gutxiegi eraman nuen soinean, eta kilometro gutxiegi oinetan. Mendiari zor diodan errespetuak eskatzen dit gogoeta bat bederen. Zeren ez dago “Kilian efekturik” edo beste aitzakiarik. Mendia beti dago hor, zain, ezer ezkutatu gabe, bere aurpegi guztiekin. Hala esaten zidaten txikitan. Gure esku dago errespetuz eta ahalik eta ondoen prestatuta hurbiltzea. Eta hala eginda ere, zorionez, mendiak dauka beti azken hitza. Argazki horretan ikusten dut emakume indartsu bat, emakume zaildu bat, azken metroetan nekeari gailendu eta estelada indartsu astintzen. Eta ikusten ditut gizakiaren inbidia, gorrotoa, ezinikusia eta errespetu falta. Beti lliure, Nuria! Ipuinetakoak diruditen lore ederrak ikusten ditut argazki horretan, Chamonixeko balkoiak apaintzen. Eta laino artean, argazkiaren bigarren planoan, ezkutuan bezala, abentura honen erdigunea. Mendi Zuria. Uda beteko astebete baino askoz gehiago den mendia. Enegarrenez, begiak edertasunez bete dizkidan mendia.