Zeresana ematen ari den kirola da Krossfita. Entrenamendu militarrarekin lotzen dute batzuk, baina herritar guztientzat egokitutakoa izango da Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eskainiko duen Krossfit ikastaroa.
Krossfitean, intentsitate handiko ariketa desberdinekin, eguneroko bizitzan egiten ditugun mugimenduekin (korrika, jauziak, pisuak altsatzea edo eramatea, e.a.), indarra, iraupena, abiadura eta koordinazioa lantzen dira, osasuna hobetzeko asmoarekin. Udal Kirol Patronatutik zehaztu dutenez, ikastaro hauetan egin beharreko mugimendu eta ariketak adin desberdinetara eta bakoitzaren gaitasun eta trebetasunera egokitu daitezke. Yuri Egaña entrenatzailearen eskutik doako bi saio eskainiko ditu Udal Kirol Patronatuak, Olaizaga kiroldegian, irailaren 26an, asteartean, eta 28an, ostegunean, 20:00etan. Saio horietako batean parte hartu nahi duenak aurrez Olaizaga kiroldegian edo Mintxetan eman beharko du izena.
• TRX ikastaroa
Bestetik, zintzilikatutako sisteman oinarrituko da Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eskainiko duen TRX ikastaroa. Sistema honek gimnasioko sabaitik zintzilikatuta dauden TRX euskarrietaz baliatuz, gorputzeko corea, erdiguneko gihar taldea, indartuko da, oreka, egonkortasuna eta malgutasuna ere hobetuz. Ikastaro berri hau debalde probatzea nahi duenak, irailaren 26an, asteartean, eta 28an, ostegunean, 19:00etan, Olaizaga kiroldegian izango du aukera.