Kanpai jotzearekin hasiko dute eguna Aiastia auzoan, eta ohiko meza nagusiaren ondotik, bertso saioa, esku pilota partida eta auzotarren bazkaria izango dituzte. Ansorregi trikitilariek girotuko dute bazkalostea, eta gauean, Borja Uzuriaga zenaren omenezko dantza saioa egingo dute Haritz Euskal Dantzari taldekoek, Murkaikupe frontoian. Eta afaritan indarrak hartu ostean, Fan&go taldekoek markatutako erritmora dantzatuko dira goizaldera arte. Jai-giroa, baina, ez da gaur amaituko, asteburu osorako egitaraua osatu dutelako.