Euskal Herriko eta Espainiako hainbat bazterretatik etorritako 120 gidarik hartu zuten parte iazko Enduroan -apirilean jokatu zen- eta aurtengoan ere antzera izatea espero dute antolatzaileek, tartean Urnobitza Kirol Klub-eko hogei pilotu baino gehiago. Mintxetako parkinetik abiatuko dira pilotuak, bertan egongo baita ‘padock’-a, eta 30 kilometro inguruko ibilbidea egin beharko dute. 8:00etatik 9:00etara egiaztapenak egingo dira Mintxetako parking-ean, eta lehenengo pilotuak 9:30etan hasiko du ibilbidea. Guztira hiru itzuli eman beharko dizkiote mendiko bideari, betiere kontrol puntuetatik pasaz.
• Erlojuaren aurkako bi zati estreinakoz
Erlojuaren aurkako zatia ere izango du probak, ez bat, bi baizik, estreinakoz. Mintxeta kirolgunearen atzeko zelaietan, Karakate mendiaren magalean, egongo da zirkuitua. Lehen pilotuak egin beharreko lana 14:30ak inguruan amaitzea espero dute antolatzaileek. Mendi aldetik egin beharreko ibilbidea Mintxeta atzeko zelaietatik hasiko da, eta jarraian Sallobente goikaldetik Sargoateraino joango da, Urnobitzako tontorretik pasaz eta Munaundiko basoetatik barrena. Urruzuno-Albitxuritik itzuliko dira Mintxetara.
• Proba jarraitzeko leku ikusgarrienak
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Urnobitzako igoera eta Munaundiko basoetan egongo dira lekurik ikusgarrienak jarraitzaileentzat, Azkarateko autobideko zubiaren inguruan. Urnobitzak, era berean, 2017ko Elgoibarko Enduroa antolatu ahal izateko Elgoibarko Udalaren, Udal Kirol Patronatuaren, babesleen eta lursail jabeen aldetik jaso duten laguntza eskertu du.